Ikasturte honetan joan-etorrien %45 izan da iraunkorra
Eskualdeko Eskola Kiroleko entrenamenduetara eta, batez ere, asteburuetako partidetara egiten diren joan-etorriak ahalik eta modurik jasangarrienean egin daitezen lanean jarraitzen dute Oarsaoldeko Eskola Kiroleko eragile guztiek. Azken urte hauetan lan horrek fruituak eman dituen arren, lanean jarraitu beharra dago.
Hala, 2018-2019 ikasturtean, joan-etorri guztien %45 modu jasangarrian egitea lortu zen eta horrek aurtengo ikasturterako erronka berria ezarri die Eskola Kiroleko partaideei; kopuru hori gainditzea, alegia.
Eskola Kirolean izena emanda dauden haurren kopurua ia 1.400ekoa dela jakinda, emaitza horren neurria esanguratsua dela ezin da ukatu. Beraz, horrek, helburua betetzeko bidean lan egiteko konpromisoak sendoa izaten jarraitu behar duela adierazten du.
Iraunkortasunarekin haurrekin eta gurasoek izan duten konpromisoa saritzeko, ikasturte bukaeran egiten den jaialdian hainbat sari banatzen dituzte: bizikletan joan-etorri gehien egin dituen ikasleari, bizikletan gehien mugitu den ikastetxeari, joan-etorri berdeetan (oinez, bizikletan, garraio publikoan edo autoa elkarbanatuz) gehien lekualdatu den ikastetxeari, eta, azkenik, saritxo bat eman ohi zaio, behin, bederen, bizikletan desplazatu den haurrari.
Oarsoaldea Garapen Agentziako presidente Jexux Leonetek adierazi duenez, mugikortasun iraunkorra sustatzeko planak osasuntsu jarraitzen duen arren, lanean jarraitu beharra dago inertzia berriak sortzeko eta Oarsoaldeko Eskola Kirolak ahalik eta iraunkorrena izaten jarrai dezan.
Beraz, osasuntsuago senti zaitezte joan-etorri berdeen bidez, ea gure autoa aparkatuta uzteko gai garen!
Oarsoaldeko Eskola Kirola, kirol aniztasuna eta jolasa ardatz. Mugituz hezi!
2024 © Oiartzungo Udala. Lege Oharra | Erabilerreztasuna | Cookiei buruzko oharra | Datuen Babeserako politika