Eusko Jaurlaritzaren laguntzak dira, Oarsoaldea Garapen Agentziaren bidez kudeatu daitezkeenak
Kultura-sektoreko mikroenpresentzat hartzen diren elkarte eta sozietateen gastu finkoak edo egiturazkoak arintzeko dirulaguntzak, baldin eta elkarte eta sozietati horien jarduera erabat eten bada edo murrizketa izan badute, COVID19ak 2020ean eragindako osasun-krisiaren kudeaketarako alarma-egoera deklaratzearen ondorioz.
Onuradunak
Kultura sektoreko elkarteak eta sozietateak.
Jarduera ekonomiko gisa ulertuko da kultura adierazpenei lotutako produktu edo zerbitzuak profesionalki eta irabazi asmoarekin sortzea.
Kultura arloko ikerkuntza, sorkuntza, ekoizpen, erakustaldi, profesionalen prestakuntza edo/eta kontserbazioari lotutako alderdiak soilik hartuko dira kontuan, honako tipologia hauetako batean sartzen bada: arte eszenikoak, ikusizko arteak, arkeologia, ikus-entzunezko arteak, bertsolaritza, kultura arloko bitartekaritza edo/eta aholkularitza, liburua eta literatura, musika edo ondarea.
Deialditik kanpo geratuko dira berariaz kultura-sektorean xeheka merkaturatzera bideratutako jarduerak garatzen dituen erakundeak (liburutegiak, musika dendak, zinema aretoak, arte galeriak...), baita heziketa arloan profesionalei bideratuta ez daudenak ere. Halaber, deialditik kanpo geratuko dira kirol, aisialdi eta denbora libre edo gehien bat turismora bideratutakoak.
Baldintzak
10 langile baino gutxiago izatea eta urteko fakturazioa bi milioi eurokoa baino txikiagoa izatea.
Jarduera erabat eten bada edo fakturazioan %75etik gorako murrizketa izan badu 2019ko ekitaldiko hileko batez bestekoarekin alderatuta, 2020ko martxotik irailera bitarteko aldian, COVID19ak eragindako osasun krisiaren egoera kudeatzeko alarma egoera deklaratzearen ondorioz.
Dirulaguntza jaso dezaketen gastuak
1) Deialdi honen babesean, dirulaguntzaren xede izan ahalko dira Euskal Autonomia Erkidegoan zerbitzua edo inbertsioa gauzatu duten sozietate edo elkarteen gastu finkoak edo egitura gastuak.
2) Zehazki, honaki gastu hauek hartuko dira kontuan:
a) Negozio lokalaren alokairua, beti ere baldintza hauek betetzen badira: eskatzailearen etxebizitzaren zatia ez izatea; lokalaren errentatzailearekin 2. mailarainoko odol edo ezkontza ahadeitasunik ez egotea; eta errentatzaile diharduen pertsona fisiko edo juridikoaren bazkide edo partaide ez izatea. Onargarriak dira coworking espazioen, sorkuntza-fabriken edo jarduera sortzaile eta produktiborako bestelako garapen-egituren alokairutik eratorritako errentamenduak.
b) Lan-jardunera bideratutako material teknikoaren eta garraiobideen errentamenduaren kostua.
c) Laneko lokalen hornidurak (ura, argia, telefonoa, interneta...), beti ere baldintza hauek betetzen badira: eskatzailearen etxebizitzaren zatia ez izatea; lokalaren errentatzailearekin 2. mailarainoko odol edo ezkontza ahaidetasunik ez egotea; eta errentatzaile diharduen pertsona fisiko edo juridikoaren bazkide edo partaide ez izatea.
d) Hauetatik eratorritako interesak:
- Jarduera barne hartzen duen establezimendua erosteko eskatutako mailegu hipotekadun zein pertsonalen kuotak.
- Alarma egoera indarrean jarri aurretiko (2020ko martxoaren 14a) bosturtekoan egindako inbertsioei dagozkien maileguen kuotak edo finantzaketatik eratorritakoak, jardueraren funtzionamendu egokia bermatzeko beharrezkoak diren ondasunak eskuratzera bideratutakoak.
e) Bestelako gastu arruntak, hala nola:
- Ohiko jarduerarekin lotutako aseguruen kuotak.
- Alarma egoeran kontratatutako profesional independenteen zerbitzuak (aholkulariak, kontsultoreak...), ikuskaritzetatik eratorritakoak izan ezik.
- Gauzatutako kultura jarduerarekin lotura duten udal-zergak.
- Zirkulatzailea finantzatzetik eratorritako kostuak.
- Kultura eta Hizkuntza Politika sailaren urteko aurrekontuen bidez finantzatutako elkarte profesionaletarako afiliazio-gastuak.
3) Oro har, kontuan hartzeko, aurreko atalean jasotako gastuak 2020ko martxoaren 14a eta irailaren 14a bitartean sortuak izan behar dute.
Prestazio ekonomikoa
Aurkeztutako kontzeptuen %80a lagunduko da diruz. Gehienez, 10.000 euroko laguntza emango zaie onuradunei. Izapidetzeko, sozietate eta elkarteak aurkeztutako laguntza-eskabidean gutxienez 1.000 euroko gastua jaso beharko da, BEZa kenduta.
Ordainketa modua:
Erakunde onuradunei lehenengo ordianketa egingo zaie dirulaguntza eman ondoren, dirulaguntza aurkeztean justifikatutako zenbatekoan, eta bigarren ordainkea, gainerako zenbatekoan, behin dirulaguntza justifikatuta, 2021ko urtarrilaren 29a baino lehen.
Eskaera eta dokumentazioa: Hemen
Eskaera epea: Uztailaren 30a
2024 © Oiartzungo Udala. Lege Oharra | Erabilerreztasuna | Cookiei buruzko oharra | Datuen Babeserako politika