Xanistebanik ez egon arren, festa giroarekin lotutako hainbat jarrera desegoki atzeman ditu Udalak

Aurten Xanistebanak ez antolatzea erabaki zen jende pilaketak ekiditeko helburuarekin. Hala ere, egun hauetan herritar batzuk jarrera arduragabea eduki dutela ikusi du Udalak.

Jai batzordearekin hartutako erabakia tabernariekin elkarbanatu eta jende pilaketak ekiditeko guztion elkarlana lortzea izan da Oiartzungo Udalaren helburua. Lehenik, aipatu behar dugu borondate ona egon dela herritar eta eragile gehienen aldetik eta jarrera egoki horren ondorioz errespetuzko egoerak nabarmendu direla orokorrean.

Hala ere, ikusi dugu jende pilaketak egiteko deialdiak ere egon direla, Covid-19aren hedapenean izan dezakeen eragina kontuan hartu gabe. Bestalde, elkarretaratze horietan buila eta musika jarriz soinua sortu eta bizilagunak molestatu dira eta inguru guztia zikina utzi, hondakin guztiak lurrean utziz, besteak beste.

Ezin dugu ahaztu bizi dugun egoera. Ez da beldurrez ibili behar, baina arduraz eta errespetuz jokatzeko momentua da. Guztion artean elkar zaintzeko neurriak hartzea da lehentasuna eta horretan jarraituko du Oiartzungo Udalak.