Emakumeenganako indarkeria instituzionalaren aurpegiak, azalera

Datorren astean 'Florecica' dokumentala eta 'Quítame la culpa' emanaldia izango dira Oiartzunen

Emakumeenganako indakeriak aurpegi asko eta oso ezberdinak dauzka. Azaroaren 25aren data indarkeria horiek azaleratu eta kontzientzia feminista sustatzeko baliatu nahi ditu Udalak. Honela, Feminismo sailak antolatuta, datorren astetik aurrera ekimenak izango dira herrian.

Emakumeenganako indarkeriarik begibistakoenak -edo gehien aipatzen direnak- bikote barrukoak edo sexu indarkeria baidra ere, emakumeenganako indarkeria historia osoan zehar eman da, modu askotara. Aurten, Oiartzungo Udalak fokua indarkeria instituzionalean jarri nahi du. Indarkeria mota hau erakundeek -ordezkarien bidez edo utzikeriarengatik emakumeak babesgabe utziz- emakumeenganako eragiten dutena da.

'Florecica' dokumentala, memoria historikoa ardatz

Datorren asteko ekintzen artean Florecica dokumentala ikusteko aukera izango da. Josefina Lamberto, 36ko Gerran faxistek Larragan (Nafarroa) bortatxu eta hil zuten Maravillas Lambertoren ahizpari buruzko dokumentala da. Josefinaren bizitza narratzen du: zazpi urte zeuzkala frankistek Vicente aita eta Maravillas ahizpa hil ondoren Paulina amak, Pilar ahizpak eta berak izan zuten bizimodua; 21 urterekin moja bihurtu eta Pakistanera joan zenetik bizitutakoak eta azkenik, fedea galdu eta 1996an Iruñeara itzuli eta AFFNA36 elkarteko sortzaile izan zenekoa (Nafarroako Fusilatuen Senitartekoen Elkartea). Gaur egun, Josefina Lamberto eta haren ahizpa Maravillas memoria historikoaren sinbolo dira.

Florecica dokumentala sarean eta bakoitzak bere etxetik ikusteko modua eskainiko die Udalak oiartzuarrei. Honela, hilaren 18tik 20ra (bi egun horiek barne), ikusi ahal izango da dokumentala, bakoitzak nahi duenean. Horretarako, webgune bat egokitu da: https://segunsurja.wixsite.com/oiartzun-florecica. Dokumentalaren bertsio originala gazteleraz den arren, euskarazko azpitituluak izango ditu.

Webgune horretan, oiartzun2020 pasahitza sartuta, Virginia Senosiainen eta Juan Luis Napalen dokumentala ikusteko aukera izango da.

'Quítame la culpa', Cris Lizarragaren fanzinea emanaldi bihurtua

Quítame la culpa emanaldia ere izango da datorren astean (hilaren 18an, asteazkena, udaletxeko areto nagusian, 18:30ean -gazteleraz-).

Cris Lizarraga musikariak eta @culomala meme sortzaileak Quítame la culpa fanzinearen inguruko emanaldia eskainiko dute. Fanzine hau Lizarragak idatzi eta @culomalak ilustratu du. Bikote harreman ez osasuntsuen inguruko hausnarketak eta errelatoak bildu ditu bertan Lizarragak, esperientzia pertsonalak eta ingurukoenak saiakera moduan jasota. Bere hitzetan, "guztia erruaren kontzeptura murrizten da. Erruduntasunak suntsitu egiten gaitu, gure burua etengabe epaitzera eta gure tirano propioak bihurtzera garamatza".

Aurrez aurreko saioak COVID19ak eragindako osasun-larrialdi egoerarengatik dauden unean uneko irizpideak errespetatuz egingo dira. Aforoa errespetatuko da eta musukoa erabiltzea derrigorrezkoa izango da.

Gehigarriak

Emakumeenganako indarkeria instituzionalaren aurpegiak, azalera