Kattin Txikik haien testigantzekin dokumentala osatu du, Udalak lagunduta
Pasa den larunbatean, Kattin Txikik ekoitzi eta Udalak lagundu duen 36ko haur erbesteratuei buruzko dokumentala estreinatu zen, talde memorialistarekin batera Udalak ere parte hartu zuen ekitaldi instituzional xumean.
36ko Gerran Britania Handira eta Frantziara erbesteratu behar izan zuten haur oiartzuarren memoria berreskuratu nahi izan du Kattin Txikik. Zazpi ume joan ziren erbestera, eta horietako bosten testigantzak bildu dira dokumentalean.
Nikolas eta Daniel Aristizabal; Maritxu eta Manolo Gaztelumendi; Maria Luisa Lahoya eta, Maria eta Mañoli Mujika haurrak omendu ziren ekitaldian.
Jexux Leonet alkateak lore-sorta bana oparitu zizkien ekitaldian parte hartu zuten Nikolas Aristizabali eta, Gaztelumenditarren eta Lahoyaren senideei. "Familia askok beraien seme-alabak erbestera bidali behar izan zituzten frankisten okupazioaren ondorioz. Ezin du imajinatu guraso haientzat zeinen gogorra izango zen seme-alabengandik bereiztea eta eguneroko bizitzan errepresioa sufritzen jarraitzea".
Horrez gain, 1939 eta 1945 urteen artean herrian gertatu zenaren memoria historikoa berreskuratzeko Kattin Txiki egiten ari den lan eskerga eskertu zuen Leonet alkateak, Udalaren izenean.
2024 © Oiartzungo Udala. Lege Oharra | Erabilerreztasuna | Cookiei buruzko oharra | Datuen Babeserako politika