Festak askatasun eta errespetutik bizitzea dute helburu gune hauek.
Oiartzungo Udalak Indarkeriarik gabeko gunea eta sexologia gunea jarri ditu herriko festetan zehar.
Udalaren berdintasunerako politiken aldeko apustua garbian, gune hauek indartzea erabaki da aurten: egun eta ordu gehiagotan egongo dira jarrita eta plazan ez ezik, txosnetan ere egongo dira.
Indarkeriarik gabeko gunea babes eta elkartasun tokia izango da, herritarrak indarkeria sexistaren gaiaz kontzientziatzeko eta honi aurre egiteko informazio eta bitartekoak eskaintzeko lekua. Erasotzaile izan daitezkeenei dena ez dela libre eta erasoak dauden kasuetan erantzuna izango dutela ohartarazteko gunea ere izango da.
Sexologia guneak erotika osasuntsua bizitzeko eta prebentziorako informazioa, arreta eta materiala eskainiko ditu, gaian aditua den sexologo baten eskutik.
Oiartzungo Udalak herritarrak gune hauetara gerturatzera animatu nahi ditu eta festak askatasunean eta errespetuz bizitzeko deia egin nahi du.
2024 © Oiartzungo Udala. Lege Oharra | Erabilerreztasuna | Cookiei buruzko oharra | Datuen Babeserako politika