Balorazio positiboa egin du Udalak.
Atzo amaitu ziren Oiartzungo Udaleko Gobernu Taldeak auzoz auzo egin dituen bilerak. Azken urteetako jendetsuenak izan dira: 137 bizilagunek hartu dute parte, iaz baino %26 gehiagok. Emakume eta gizonen parte hartzea parekidea izan da (erdia eta erdia). Adin tarteari dagokionez, auzotar gehienak 31 eta 65 urte bitartekoak izan dira (%77).
Udalak martxan dituen proiektu estrategikoak interes handia sortu dute bizilagunen artean (zaintza, kultura, elikadura burujabetza eta energia trantsizioa). Alkate eta zinegotziek 2023 urterako aurrekontu proposamena azaldu dute eta hau osatzeko auzotarren ekarpenak jaso dituzte.
Udalaren balorazio positiboa
Pozik azaldu da Udala herritarren parte hartzearekin eta auzotarren aldetik jasotako erantzunarekin.
Jexux Leonet Oiartzungo alkateak azaldu duenez, “Oiartzun hobetzen jarraitzeko proiektu estrategikoak ditugu martxan eta hauek ere herritarrengan interes handia sortzen dutela ikusteak poztu egiten gaitu, herriaren ikuspegi orokorra partekatzen dugula erakusten duelako. Lanean gogor jarraitzera motibatzen gaitu”.
Auzoetan “ekarpen asko” jaso dituztela eta “bileretan bizilagunen artean adostasunak ere lortu direla” gehitu du Leonetek. Honen garrantzia azpimarratu nahi izan du “elkar entzun, iritzi ezberdinak trukatu eta adostasunak bilatzeak auzo eta herri komunitatea sortzeko balio baitu”.
Auzotarrak ere pozik
Auzotarrentzat ere probetxugarriak izan dira saioak, bileren ondoren betetako galdetegiko emaitzen arabera: batez beste 8 puntutik gorako nota eman diote parte hartzaileek saioei.
Hala ere, hurrengo auzo batzarretan bizilagun gehiagok parte hartzea garrantzitsua dela zehaztu dute gehienek.
Jasotako ekarpenak baloratuko ditu Udalak
Jasotako ekarpen gehienak bizikidetza oztopatzen duten arazoen inguruan izan dira: hondakinak lurrera botatzea, ibilgailuen abiadura bizia, aparkatzeko tokiak ez errespetatzea, mugikortasun neurriak ez betetzea…
Auzoetan gauzatzeko lan eta proiektu ezberdinen proposamenak ere egin dituzte bizilagunek. Hauek baloratuko ditu orain Udalak, datozen urteetako aurrekontuetan zein txertatu daitezkeen ikusteko. Ekarpen hauekin, 2023 urteko behin-betiko aurrekontu prestatu eta onartuko du.
Akta guztiak herritarren eskura
Aurkeztutako informazioa eta auzo guztietako aktak Oiartzungo Udalaren web gunean daude herritarren eskura.
2024 © Oiartzungo Udala. Lege Oharra | Erabilerreztasuna | Cookiei buruzko oharra | Datuen Babeserako politika