Hamarnaka lagunek parte hartu dute eskertza ekitaldian.
2022ko Kirol Asteari amaiera emateko, Oiartzungo VII. Kirol Saria jaso du Koldo Fernandezen familiak. Hunkigarria izan da gaurko ekitaldia eta bertan izan dira Koldoren senitartekoak, lagunak, Udal ordezkariak, Oiartzun Kirol Elkarteko kideak, entrenatzaileak eta jokalariak eta baita herriko beste kirol elkarteetako ordezkariak ere.
Otsailean hil zen Oiartzun Kirol Elkarteko lehendakaria. Herriko futbol taldea aurrera ateratzeko gogor lanean egon da berrogei urtetik gora, eta egindako lana eskertu nahi izan dute gaur Oiartzungo Udalak eta herriko beste kirol elkarteek.
Enekoitz Markos Kirol zinegotziak eman dio hasiera ekitaldiari. Oiartzungo VII. Kirol Sarirako 21 proposamen ezberdin jaso zituzten arren, Kirol Aholku Batzordeak Kirol Saria Koldo Fernandez Etxarterentzat izatea “ahobatez” erabaki zuela adierazi du , “egin duen lan guztiak aitortza eta eskertza merezi duelako”. “Koldok Oiartzunen alde egindako lan guztia ezingo dugu ordaindu, baina gaur zor horren zatitxo bat kentzen” saiatu nahi izan dutela esan du.
Hau saria jasotzeko nahiko motibo den arren, Koldoren beste bi lorpen nabarmendu nahi izan ditu: emakumezkoen futbolaren alde egindako apustua eta esfortzua eta aniztasun funtzionala duten pertsonek ere futbol egokituan aritzeko aukera izan dezaten egindako lana. “Koldok bazuen berezko ezaugarri bat: ez zuen inor atzean uzten. Eta hau Oiartzun Kirol Elkarteko eguneroko lanean ere txertatzeko gai izan zela” aipatu du Markosek. “Guretzat hain garrantzitsuak diren baloreak transmititu ditu oiartzuar belaunaldi askori: umiltasuna, errespetua, talde lana, konpromisoa…”.
Enrike Lekuona OKEko lehendakariak ere esker oneko hitzak izan ditu Koldorentzat, eta “berak erautsitako bidetik gogor lanean jarraituko dutela” esan du.
Jexux Leonek Oiartzungo Alkateak eman die Kirol Saria Fernandezen semeei. Leonetek “Koldo guztiontzat erreferente bat izan dela” esan du, “bai kluberako eta baita bizitzarako ere”. Bere umiltasuna, konpromisoa, zintzotasuna eta lanerako gogoa goraipatu ditu.
Bukatzeko, Eñaut Fernandezek, Koldoren semeak hartu du hitza. Udalari, OKEri eta herriko gainontzeko kirol elkarteei eskerrak eman nahi izan dizkie sariagatik eta baita aitari ere, “herriari kirol arloan emandako guztiagatik”. “Guztion artean herriko kirolari bultzada ematen jarraitzeko” deia egin du.
Familia argazkiarekin amaitu da emozioz beteriko ekitaldia.
2024 © Oiartzungo Udala. Lege Oharra | Erabilerreztasuna | Cookiei buruzko oharra | Datuen Babeserako politika