Eraikinaren txoko guztiak bisitatzeko aukera izan dute.
Oiartzuarren elkargune berria izan nahi du Landetxek, herritarrak saretu eta haien proiektuak eta ametsak gauzatzeko estalpea. Helburu horrekin egin du Udalak espazio berria, eta bistan da herritarren artean ilusio handia sortu duela proiektuak.
1.500 pertsonek bisitatu dute eraikina lehen hiru egunetan. Larunbatean ehundaka pertsonek ezagutu zituzten etxe berriko txoko eta zirrikitu guztiak. Udal zinegotziak egon ziren orain arteko prozesuaren eta etorriko denaren azalpenak ematen.
Eraikineko korridore denak jendez lepo egon ziren. Normalean itxita egongo diren zenbait gune ‘sekretu’ ere ezagutzeko aukera izan zuten hurbildu zirenek: kamerinoak, kontrol gela, aldagelak, artisten erabilerarako bakarrik izango diren tokiak… Auditorioko oholtza gainera igo eta argazkia ateratzeko aprobetxatu zuten askok. Aretoko harmailak ireki eta jasotzeko sistemak ere jakinmin handia sortu zuen.
Bihar eta etzi herriko haurrek izango dute eraikina bisitatzeko aukera. Elizalde Eskolako eta Haurtzaro Ikastolako Lehen Hezkuntzako 3, 4, 5 eta 6. mailetako ikasleei Landetxeko sekretu guztiak kontatuko dizkie Lur Kortak.
Urte luzez amestutako aterpe berriak elkarlanerako gogoa piztu du. Herriko bizitza eraldatuko duen bizilekua dela argi dago. Goza dezagun Landetxez!
2024 © Oiartzungo Udala. Lege Oharra | Erabilerreztasuna | Cookiei buruzko oharra | Datuen Babeserako politika