Jexux Leonet: “Emandako hitza bete dugu”

Duela lau urte hartutako 70 konpromisoak eta 182 lan-lerroak gauzatuta, legealdiaren balorazio positiboa egin du alkateak.

2019-2023 legealdia amaitzeko bi hilabete falta diren honetan lortutakoaren balorazioa egin du Jexux Leonet Oiartzungo alkateak. Lau urte hauek “emankorrak” direla esan du eta “gogor” lan egin ondoren “egindakoaren uzta” jasotzen hasi direla. Pozik agertu da hasieran hartutako 70 konpromisoak eta hitzemandako 182 lan-lerroak bete dituztelako. Aurrerantzean ere elkarrekin ametsak egia bihurtzen jarraitzeko dei egin die oiartzuarrei. Eskerrak eman dizkie herritarrei azken zortzi urteetan Oiartzungo alkate izateko "ohorea" eskaintzeagatik.

“Kaixo oiartzuar:

Legealdi honen amaieran gaude eta iritsi da balorazioa egiteko unea. Emankorrak izan dira lau urte hauek. Proiektu garrantzitsuak jarri ditugu martxan eta hasi gara dagoeneko egindakoaren uzta jasotzen.

2019an hauteskundeak irabazi eta udal gobernua osatu genuenean herritar guztien ongizatea bermatzeko lan egingo genuela hitzeman genuen. 70 konpromiso eta 182 lan-lerroko kudeaketa plana onartu genuen horretarako. Anbizio handiko programa osatu genuen, erronka ezberdinei erantzuna emateko. Gogor egin dugu lan eta lortu dugu hasieran aurreikusitako proiektu denak egitea. Emandako hitza bete dugu beraz.

Etorkizuneko erronkei erantzuteko prest dagoen herria dugu. Bizilagunen behar eta eskaerak asetzeaz gain, datozen urteetan gai estrategikoetan jarraitu beharreko bidea marraztu dugu. Elkar zaindu eta guztiok batera aurrera egiteko proiektuak martxan jarri ditugu. Oiartzungo ekonomia sustatzeko inbertsioak egin ditugu. Energia eta elikadura burujabetza lortzeko aurrerapauso garrantzitsuak eman ditugu. Herri feminista bat lortzeko plana onartu dugu. Mugikortasun eredu jasangarriagoa izateko bidea egin dugu…

Oiartzungo behar nagusiei erantzuna emango dien etxea ere eraiki dugu: Landetxe. Urte luzez amestutako proiektua martxan jarri dugu. Zalantzarik gabe, herriko bizitza aldatuko duen espazioa izango da, oiartzuarren topagune berria. Elkar ezagutu, saretu eta batera lan egiteko aukera emango digu.

Arlo ezberdinetan lortu nahi ditugun helburuak zehaztu ditugu eta hauek betetzeko eman beharreko pausoak ere definitu eta ematen hasi gara. Etorriko diren erronka berriei erantzuteko egoera ekonomiko onean dago udala. Legealdi honetan udalak zuen zor guztia itzuli dugu eta egin ditugun proiektuak mailegurik eskatu gabe ordaindu ditugu. Herritarren dirua ongi kudeatzea ezinbestekoa baita guretzat.

Lorpenez gain, bereziki pozten gaitu hauetara iristeko jarraitu dugun bideak. Hasiera-hasieratik argi izan dugu herria hobetzeko bide bakarra elkarlana dela; udalak eta herritarrek batera lan egin behar genuela Oiartzun justuagoa, duinagoa, feministagoa, euskaldunagoa eta jasangarriagoa erdiesteko.

Zehaztu dugu datozen urteetan jarraitu beharreko bidea eta definitu dugu lan egiteko modua.  Zinegotzi batzuk jarraituko dute. Beste batzuk etorri ginen tokira itzuliko gara; herriko elkarte eta eragileetara. Udaletxetik batzuk eta herriko eragileetatik beste batzuk, jarrai dezagun guztiok batera Oiartzun hobe bat eraikitzen. Jarrai dezagun elkarrekin ametsak egia bihurtzen.

Eskerrik asko azken zortzi urteetan Oiartzungo alkate izateko ohorea eskaintzeagatik.”

Gehigarriak

Jexux Leonet: “Emandako hitza bete dugu”