Tourrak herrian eragingo dituen afekzioen berri eman du udalak

Uztailaren 2 eta 3an pasako da Oiartzundik eta trafikoa moztuta egongo da lau orduz.

Uztailaren batean abiatuko da Frantziako Tourra Bilbotik eta lehen egunetan bitan pasako dira txirrindulariak Oiartzundik, igandean eta astelehenean. Lasterketak eragina izango du herriko trafikoan eta Oiartzungo sarrera-irteerak eta errepide nagusi asko itxita egongo dira ordu luzez.

Igandean (hilak 2) izango dira mozketa garrantzitsuenak. Gasteiztik abiatuko da etapa eta Donostian amaituko da. Tartean, Oiartzun erdi-erditik zeharkatuko dute txirrindulariek. Astigarragatik etorriko dira, Txikierditik. Txipitoko maldatik jaitsi eta Ugaldetxotik gora, Elizaldetik pasa eta Gurutzera joango dira, hortik Irun aldera hartzeko. Lasterketa 16:15ak aldera pasako dela aurreikusten badute ere, 13:00etan itxiko ditu errepidea, 17:00ak arte. Karabana 14:30ean pasako da.

Bidea itxita dagoen bitartean ezingo da inolaz ere ibilgailuz bertatik pasa. Larrialdietako ibilgailuek bakarrik izango dute bertatik ibiltzeko aukera. Behin karabana pasata, oinezkoek ere ezingo dute errepidea gurutzatu. Igandean Iturriotz, Altzibar, Karrika, Ergoien, Elizalde eta Gurutzeko bizilagunek Oiartzundik ateratzeko ia aukerarik ez dute izango lau orduz beraz (Aritxulegiko bidea bakarrik egongo da irekita). Autobusik ere ez da ibiliko.

Astelehenean (uztailak 3) eragin txikiagoa izango du Tourrak. Errenteria-Oreretatik iritsiko dira txirrindulariak eta Lintziringo errepidetik joango dira Irunera, 16:00ak aldera. Arragua eta Errenteriako errepidea itxita egongo da 12:30etik 16:30era eta E2 eta E4 autobus zerbitzurik ez da izango. Oiartzundik ateratzeko topoa erabiltzeko gomendatu du Udalak. Xorrola normaltasunez ibiliko da astelehenean.

Ibilbideen eta abisuen berri emateko esku-orria prestatu du Udalak. Datozen egunetan banatuko du etxeetan. Tourrak trafikoan izango duen eraginaren informazio eguneratua web honetan egongo da eskura: https://letour.euskadi.eus

Gehigarriak

Tourrak herrian eragingo dituen afekzioen berri eman du udalak

Fitxategiak