Gaueko Xorrola egongo da Gurutzeko festetan

Larunbatean eskainiko du zerbitzua, 00:00etatik 04:00etara.

Asteburu honetan Gurutzeko festak ospatuko dira eta larunbatetik iganderako gauean Xorrola autobus zerbitzua egongo dela iragarri du Oiartzungo Udalak. Herriko taldeen kontzertuak antolatu ditu larunbatean Gurutzeko Jai Batzordeak eta festaz gozatzera doazenei etxera itzultzeko modua erraztu nahi izan die Udalak. 00:00etatik 04:00etara, orduero lotuko ditu herriko zortzi auzoak. Bost bidaia egingo ditu.

Iazko xanistebanetan jarri zuen Udalak lehen aldiz gaueko Xorrola zerbitzua, festetan zehar mugikortasunean segurtasuna hobetzeko eta autoen erabilera gutxitzeko. Olaia Lasa ongizate zinegotziak azaldu duenez, “oso arrakastatsua” izan da gaueko autobusa. “Oiartzuarrek asko eskertu dute zerbitzua eta erabilera handia izan du”. Horregatik, herriko jaietan erabilera errotuta, xanistebanetan jartzeaz gain gaueko autobusa egun berezi gehiagotara zabaltzeko saiakera egitea erabaki du Udalak. Gurutzeko festetan egingo dute lehen proba, “iristeko zailtasun gehien duen auzoa baita”.

Gurutzen hasi eta Elizalden izango du lehen geltokia

Gurutzeko plazako autobus geltokitik abiatuko da autobusa eta herriko plazan gelditu ondoren xanisteban gauetan egin ohi duen ibilbidea egingo du:

  • Gurutze (irteera): Bizardia plazako autobus geltokia
  • Elizalde: biblioteka ondoko geltokia
  • Ergoien: Tornola kaleko autobus geltokia
  • Altzibar: Zokoloko zubia
  • Karrika: plazako autobus geltokia
  • Iturriotz: Beko soro pareko autobus geltokia
  • Ibarre: gasolindegiko geltokia
  • Elizalde: Pikabeneko geltokia
  • Ugaldetxo: Intxixu pareko autobus geltokia
  • Arragua: Lartzabal etxadiko geltokia
  • Mendin: frontoi gaineko geltokia

270 pertsonek erabili zuten gaueko Xorrola xanistebanetan

Bigarren urtez ibili da xanistebanetako gauetan Xorrola eta balorazio “oso positiboa” egin du Jexux Olaziregi kultura zinegotziak. 270 pertsonek erabili dute aurten zerbitzua (iaz baino 77 gehiago izan dira). Eguraldi petralagatik gauetan festan jende gutxiago ibili zen arren, Xorrola bereziaren erabiltzaile kopurua %40 igo zen. “Jendearen ohiturak aldatzen hastea zen gure helburua, etxera itzultzerakoan autoa hartu beharrean Xorrolan joatea. Pozik gaude xanistebanetan geroz eta herritar gehiagoren aukera delako autobusa”.

Hau izan zen xanistebanetako bidaiari kopurua, gauez gau:

  • Abuztuak 2: 38
  • Abuztuak 3: 60
  • Abuztuak 4: 42
  • Abuztuak 5: 97
  • Abuztuak 6: 33

Gehigarriak

Gaueko Xorrola egongo da Gurutzeko festetan