Legealdiko proiektuak aurkezteko auzo bilerak egingo dituzte

Herritarren ekarpenak jaso nahi ditu gobernu taldeak.

Ekainaren 17an eratu zen udalbatza berria eta hilabete hauetan zehar 2023-2027 urteetan gauzatuko duten programa zehazteko lanean ibili da gobernu taldea. Datozen lau urteetan lehentasunez landuko dituzten helburu estrategikoak eta horretarako egingo dituzten egitasmoak definitu dituzte.

“Oiartzuar guztien bizitza hobetzeko” lan egingo dutela adierazi du Joana Mendiburu alkateak, “herritarrekin eta Oiartzungo eragile sozial eta agente ekonomikoekin batera”. Oiartzungo Udalean ohikoa den lanketa publiko-komunitarioan sakondu eta “arlo gehiagotara” zabaldu nahi dute, energia, sozio ekonomia eta elikadura esparruetara, besteak beste. Elkarlan publiko-komunitarioa martxan jarriko dituzten “egitasmo guztien oinarria” izango dela nabarmendu du alkateak. “Ditugun erronkak ez dira soilik udalaren ekimenez lortuko, ezinbestekoa dugu komunitatearekin etengabeko lankidetza estuan aritzea. Oiartzuarrekin eskuz esku lan egingo dugu, herri euskaldunagoa, biziagoa, berdinzaleagoa eta jasangarriagoa lortzeko”.

Ekarpenak jasotzeko auzo bilerak

Osatu duten gobernu plana izango da 2023-2027 legealdian Oiartzungo Udalaren jardunaren iparrorratza. Oiartzuarren eta herriko eragileen lehentasunak eta beharrak izan dituzte oinarri programa osatzerakoan eta hamarnaka egitasmo eta proiektu jaso dituzte. “2027an nolako Oiartzun izan nahi dugun definitu dugu eta horretarako herritarrekin batera martxan jarriko ditugun ekimenak zehaztu ditugu, bideorria marraztu dugu".

Helburuak eta ekintzak herritarrei azalduko dizkiete orain, ekarpen gehiago bildu eta plana aberasteko. Auzoz auzo bilera irekiak egingo dituzte horretarako. Urriaren 2tik 19ra izango dira (19:00etan denak). 2024 urteko aurrekontu proposamena ere aurkeztuko dute, auzotarren iradokizunak entzuteko.

Herritarrei bileretan parte hartzeko deia egin die Mendiburuk. “Herritarrek, eragileek, elkarteek, agenteek eta Udalak osatzen dugu Oiartzungo komunitatea. Guztion iritziak, ideiak, lehentasunak, interesak eta ekintzak funtsezkoak dira gure ekosistema propio honen garapenerako. Eta bide horretan elkargune ezin hobea dira auzo batzarrak, elkar ezagutu, entzun, ulertu, harreman sareak josi, konfiantza eraiki, adostasunak bilatu, indarrak lerrokatu eta Oiartzun elkarlanean hobetzen jarraitzeko”.

Egutegia

  • Urriak 2, Ergoien, Auzokalte elkartean
  • Urriak 3, Karrika, Artaso elkartean
  • Urriak 4, Elizalde, pleno aretoan
  • Urriak 9, Altzibar, auzo lokalean
  • Urriak 10, Iturriotz, auzo lokalean
  • Urriak 16, Arragua, Aldeguna elkartean
  • Urriak 17, Ugaldetxo, auzo lokalean
  • Urriak 19, Gurutze, Bizardia elkartean

Gehigarriak

Legealdiko proiektuak aurkezteko auzo bilerak egingo dituzte