Elizalde Herri Eskolako patioa itxuraldatzeko proiektua martxan dute Guraso Elkarteak eta Udalak.
Elizalde Eskolako jolaslekua biziberritzeko prozesua abiatu dute bertako haurrek, Guraso Elkarteak eta Udalak elkarlanean. Jolastokietako botere harremanak desegin eta gozamenerako, esperimentaziorako, jolaserako, heziketarako eta elkarbizitzarako espazio bihurtu nahi dute, haurren nahiak eta beharrak erdigunean jarrita.
Guraso elkartearen ekimenez duela bost urte abiatu zuten proiektua. Ikastetxe kanpoko espazioa eskolako proiektu pedagogikoaren parte bilakatu eta bertako eta herriko haur guztiei euren txokoa eskaintzen dien patioa sortzea izan dute helburu, erabilera ugariko jolasleku inklusiboa lortzea.
Haurren nahiak erdigunean
Haurren beharrak kontuan hartu gabe diseinatu eta eraiki izan ohi dira ikastetxeetako patioak. Hormigoi hutsekoak, ia itzalik gabe eta kirol-jolas gutxi batzuetarako prestatutako arkitekturaren ondorioz ez dira espazio bizigarriak eta anitzak izaten. Elizaldeko jolastokia aztertu eta hobetzeko proposamenak jasotzeko prozesua abiatu zuten haurrekin, beraien ametsak eta nahiak erdigunean jartzeko.
Nola hedatu dezakegu natura jolastokira? Zer egin dezakegu aterpea toki atseginagoa eta erakargarriagoa izan dadin? Nola hobetuko dugu kantxa-guneko eta transpatioaren arteko elkarbizitza? Grada eremuko segurtasuna eta erabilera handitzeko ze aldaketa egin daitezke? Galdera hauei guztiei erantzuna bilatzeko lanketa egin zuten ikasleekin eta beraien behar eta ideiak oinarri hartuta eraldaketarako proiektua prestatu zuten Guraso Elkarteak eta eskolak. Egitasmoa Udalari aurkeztu zioten haurrek eta elkarlanean patioaren eraldaketari ekitea adostu zuten hezkuntza-komunitateak eta Udalak.
Naturgunea zabaltzea, lehen erronka
Zatika garatuko dute proiektua, udako hilabeteak aprobetxatu behar baitituzte aldaketak egiteko. Kantxa txikitu eta naturgunea indartu eta zabaldu dute bukatu berri duten lehen fasean.
Berdegune berriak egin eta mendixka, zuloak eta bidexkak egin dituzte, txoko ezberdinak sortzeko. Enborrak jarri eta zuhaixkak landatu dituzte, itzalguneak eta espazio atsegina lortzeko. Egurrezko etxetxoekin herrixka bat eraiki eta mahaien eremua ere berritu dute. Gainera, txorientzat, intsektuentzat, tximeletentzat eta beste animalia batzuentzako bizitokiak jarriko dituzte ikasleek.
Gradak eta kantxa eraldatzea, hurrengo proiektuak
Hasi dira haurrak txoko berriaz gozatzen. 110.000 euroko inbertsioa egin du Udalak naturgunea indartzeko. Baloiak errepidera ez joateko sarea ere jarri dute lehen fasean. Kirol kantxa eta gradak transformatzea izango dira hurrengo helburuak.
Futbola eta saskibaloiaz gain, beste kirol batzuk sustatzeko ekipamenduak jarri nahi dituzte kantxan. Beste eremuen arteko elkarbizitza eta segurtasuna hobetu eta ingurutik baloiaren beldurrik gabe pasatzea naturarekin eta jolasarekin lotutako elementuak jarriko dituzte (enborren eta sareen labirintoak, altuera ezberdinetako zutabeak…). Gradak goxatzeko eta erabilera handitzeko aldaketa estrukturala egitea ere aurreikusi dute, altuera lausotu, naturgunearekin lotu eta aurrealdean jolas eremu librea egiteko. Dimentsio handiko obrak izango direnez, lortu daitezkeen dirulaguntzen baitan joango dira garatzen fase hauek.
2024 © Oiartzungo Udala. Lege Oharra | Erabilerreztasuna | Cookiei buruzko oharra | Datuen Babeserako politika