100 urte bete ditu Joakina Artola Aldayk

Alkatearen bisita jaso zuen atzo.

Ehun urte bete zituen atzo Joakina Artola Aldayk. Bisita ugari jaso zituen, tartean Joana Mendiburu alkatea eta Olaia Lasa Ongizate zinegotziarena. Herriaren izenean zoriondu eta lore-sorta oparitu zioten.

Ugaldetxon jaio zen 1923ko urriaren 25ean. Oso emakume ditxaratxera, diru kontuak xuxen eraman dituena beti, bere familiaz arro eta gerra garaiko gauzak gogoan dituena. Oso goxo jaso zituen etxean alkatea eta zinegotzia berak eta bere seme Sabinok. Hain luze bizitzeko sekretua “gauzak etortzen diren bezala hartzea” dela esan zuen.

Arratsaldean Ariztegi etxadiko bizilagunek ere festa antolatu zioten. Agurra dantzatu, bizkotxoa jan, xanpainarekin topa egin eta han zeudenak 100 urte betetzera iristea eta berak ikustea opa zien. Hala bedi.

Urte askoan, Joakina!

Gehigarriak

100 urte bete ditu Joakina Artola Aldayk