Gau Beltzaren bueltan hainbat ekintza antolatu dituzte

Urriaren 27tik azaroaren 4ra luzatuko da aurten festa.

Urriaren 31n Gau Beltza ospatuko da herrian. 2014. urtean hasi zen Abaraxka Ludoteka herritarron festa hau berreskuratzen eta ordutik indartuz joan da jaia. Jendetza bildu izan da azken urteetako edizioetan familian eta lagun artean beldurra konpartitu eta ongi pasatzeko.

Aurren pauso bat gehiago eman eta egun gehiagotara zabalduko dute festa, urriaren 27tik azaroaren 4ra. Gau Beltzaz gain beste sei ekintza ere antolatu dituzte elkarlanean Abaraxka udal ludotekak, Oiartzungo Antzerkizaleen Elkarteak, Ttur-tturrek, Zaintzadik eta Udalak.

Egun nagusian zenbait aldaketa ere egingo dituzte. Txarako lorategian hasiko dute aurten Gau Beltza. 19:30an sua piztu eta afari-merienda egingo dute bertan. 20:00tan hasiko dute ibilbide beldurgarria: lorategitik basora igoko dira, hortik beilatoki paretik Urmendira, kiroldegira ondoren eta Doneztebe plazara jarraian. Suzko akerra izango dute hor zain. Arropa zaharrekin mozorrotuta hurbiltzeko gonbita egin dute antolatzaileek.

Egitaraua:

  • Urriak 27, ostirala: ipuin kontaketa 2-3 urteko haurrentzat eta Mintzariketa helduentzat. 17:00etan Manuel Lekuona bibliotekan.
  • Urriak 27, ostirala: Beldurrezko filma nerabeentzat, gazte topalekuan.
  • Urriak 28, larunbata: Gau Beltzeko arropak prestatu eta kalabazak husteko saioa. 16:30ean Abaraxka ludotekan.
  • Urriak 28, larunbata: Janari dastaketa beldurgarria. 19:00etan Landetxen.
  • Urriak 31, asteartea: Gau beltza.
  • Azaroak 2, osteguna: Aingeru Oiartzabalen ‘Heriotza bizitza da’ hitzaldia 9 urtetik gorako haurrentzat eta helduentzat. 17:00etatik 19:00etara Pleno aretoan.
  • Azaroak 4, larunbata: Kandelen inguruan istorioak. 17:00etan Pleno aretoan.

Gehigarriak

Gau Beltzaren bueltan hainbat ekintza antolatu dituzte