Palestinar herriari elkartasuna adierazi zioten astearteko udalbatzarrean

Urmendi haur eskola doan izateko ekarpen gehigarria egingo du Udalak.

Asteartean egin zuten hilabete honetako ohiko udalbatzarra, urriko azken asteazkenean grebara deituta baitzeuden administrazio publikoko langileak eta haien grebarako eskubidea ahalik eta gehien errespetatzeko.

EH Bildu eta EAJko zinegotzien adostasunarekin onartu zituzten gai zerrendako puntu guztiak.

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak Eusko Jaurlaritzaren 179/2019 Dekretuaren hainbat artikulu baliogabetzeko emandako epaia dela eta bi alderdiek adostutako adierazpen instituzionala irakurri zuen Aiako Gaztelumendi Hizkuntz Normalizaziorako zinegotziak.

Urmendiri 43.094 euroko ekarpen gehigarria

2023an Urmendi haur eskolari udalak 798.000 euroko ekarpena egingo ziola adostu zuten urtarrileko udalbatzarrean, zerbitzuaren gastuen erdia ordaintzeko. Beste erdia Eusko Jaurlaritzak eta familiek ordaintzea aurreikusi zen. Maiatzean 0-3 urte bitarteko haurren heziketa doakoa izatea erabaki zuen Udalak eta gurasoek ordaintzen zuten irakaskuntzari dagokion kuota beregain hartzea.

Gurasoek ordaintzen zuten kuota bere gain hartzeko, Urmendiri 43.094 euroko ordainketa gehigarria egitea adostu zuten zinegotziek. 2023ko azken lau hilabeteetako desorekari dagokion zenbatekoa da. 2023an guztira 841.094 euro bideratuko ditu beraz Udalak Urmendi haur eskola zerbitzua eskaintzeko.

Palestinar herriari elkartasuna

Eskari-galderetan Palestinako egoera izan zuten hizpide. Talde bakoitzak irakurketa propioa egin zuen. Palestinako egoeragatik udal ordezkarien kezka agertu zuen Jexux Olaziregi EH Bilduko zinegotziak. Gazako sarraskia “onartezina” dela adierazi zuen. “Ia 20 urteko blokeoaren ondoren, Gazan bizi diren pertsonak zigor kolektibo baten biktima izaten ari dira. Genozidio baten aurrean gaude, nazioarteko zuzenbidearen urraketa onartezina da, nazioarteko komunitateak onartu behar ez duena”. 75 urteko gatazka dela esan zuen eta bakea lortzeko, “nahitaez” Palestinaren okupazioarekin amaitu eta haren eskubide nazionalak aitortu behar direla, “estatu independente eta bideragarria eratzeko eskubidea barne”.

Janire Mitxelena EAJ-PNV taldeko bozeramaileak azken hilabetean Israel eta Palestinaren arteko gatazkan egon diren “bortizkeria guztiak” gaitzesten dituztela adierazi zuen, “alde batekoak zein bestekoak”. “Kezka handiz ikusten dugu bortizkeriak gora egin duela”. Horregatik “gatazka honetan berehalako eskuhartzea” eskatu zioten Nazio batuen Erakundeari, Europako Batasunari eta orohar nazioarteko komunitatea osoari eta “erabakimenez eta deskantsurik gabe” jardun dezatela egoera hau geldiarazteko, bakearen alde lan egiteko eta sarraski honi amaiera emateko.

Urriko protokolo gastuak 422,58 € izan dira inprenta, diseinu, garaikur eta harpidetzetan.

Gehigarriak

Palestinar herriari elkartasuna adierazi zioten astearteko udalbatzarrean