Azken urteetako jendetsuenak izan dira.
Arrakastatsuak izan dira urrian zehar auzoz auzo Udalak egin dituen bilerak. 157 lagunek hartu dute parte zortzi deialdietan. Duela 12 urte hasi zen Oiartzungo Udala auzotarrekin elkartzen hurrengo urterako aurreikusitako proiektuak eta aurrekontu proposamena azaldu eta beraien ekarpenekin aberasteko. Azken urteetako batzarrik jendetsuenak izan dira hauek. Iaz baino 20 lagun gehiagok parte hartu du bileretan.
Pozik azaldu da gobernu talde berria, guztion iritziak entzun, lehentasunak eta interesak ezagutu, elkar ulertu, konfiantza eraiki eta adostasunak bilatzeko “aukera ezin hobea” izan direlako batzarrak. Auzotarrek egindako ekarpenen garrantzia azpimarratu du Joana Mendiburu alkateak: “auzo batzarrak elkar entzuteko gunea dira; udalaren egitasmoak eta aurrekontua azaltzeko, auzotarrek herrian egingo denaren berri izateko eta aldi berean beraien kezkak agertzeko. Niretzat, dena den, esan beharrekoa esatea bezain garrantzitsua da besteen iritzia entzuten jakitea”.
Bileren amaieran betetako galdetegiko emaitzen arabera auzotarrentzat ere probetxugarriak izan dira saioak. 8 puntutik gorako nota eman diote parte hartzaileek saioei batez beste.
Bizikidetzari lotutako kezkak izan dira aipatuenak
Auzo batzarrak “oso aberasgarriak” izan direla adierazi du alkateak jendea ezagutzeko, entzuteko eta “herritarren bizitzak hobetuko dituzten neurri zehatzak eta eraginkorrak hartzeko”.
Bizikidetzarekin lotutako kezkak izan dira auzoetan gehien errepikatu direnak: kotxeen abiadura eta aparkalekuak, adibidez. “Akaso, hori bada herrian barrena mugitzeko ditugun ohiturak aldatzen hasteko seinale bat”.
Gazteekin saio propioa egingo dute azaroaren 24an
www.oiartzun.eus webgunean jarri dituzte auzo bileretan erabilitako aurkezpenak eta akta guztiak, Udalak ataleko Auzoak sailean.
Saioetako parte hartzaile ia denak 30 urtetik gorakoak izan dira. 30 urtetik beherako herritarren iritziak ere entzun nahi ditu Udalak. Horregatik, datozen lau urteetako erronkak eta proiektuak gazteekin partekatu eta haien ekarpenak jasotzeko saio propioa egingo dute azaroaren 24an. Datozen egunetan zehaztuko dute tokia eta ordua.
2024 © Oiartzungo Udala. Lege Oharra | Erabilerreztasuna | Cookiei buruzko oharra | Datuen Babeserako politika