Oielekuko mairu-baratzeak ezagutzeko ibilaldia antolatu dute igandean

Aiako Harria Natura-Parkean barrena, natura, paisaia eta mitologia uztartuz goiz ederra pasatzeko aukera izango da.

Oieleku inguruko mairu-baratzeak eta ondarea ezagutzeko irteera gidatua antolatu du igandean, hilak 12, Gipuzkoako Parketxe Sarea Fundazioak.

Aiako Harriko natura-parkeko paisaiak zirraragarriak dira. Edertasunaz gain, badute beste ezaugarri aipagarri bat: ondare naturalaren eta kulturalaren arteko lotura zatiezinaren berri ematen digute. Urte luzeetako naturaren eta gizakiaren jardueraren arteko harremanak paisaia gizatiartuak sortu ditu, kultura-paisaiak. Oieleku inguruko mairu-baratzeak bisitatu eta bertako kondaira eta istorioetan murgiltzeko aukera izango da igande honetan.

Goizeko 10:00etan hasiko da ibilaldi gidatua, Kausoko aparkalekutik, eta 12:30ean amaituko da toki berean. Ibilaldia laburra da eta nornahik egiteko modukoa den arren, oinetako erosoak eramatea gomendatu dute antolatzaileek.

Txangoak 6 €ko prezioa du 12 urtetik goitikoentzat (4 € 12tik beheitikoentzat). Parte hartzeko aldez aurretik izena ematea ezinbestekoa da, arditurri@gipuzkoanatura.eus helbidera idatzita edo telefono hauetara deituta: 943 49 50 69 / 688 89 50 68.

Gehigarriak

Oielekuko  mairu-baratzeak ezagutzeko ibilaldia antolatu dute igandean