Bere memoria historikoa zaintzen duen herria

Oiartzungo hainbat eragilek eta Udalak urte luzez egindako lanari esker aitaren hezurrak berreskuratuko ditu azkenik Pepi Berasategik.

Altxamendu frankistaren beste hiru biktima identifikatu zituen joan den astean Aranzadi Zientzia Elkarteak. Tartean, Oiartzungo herriak hainbeste urtez konpromiso eta maitasun handiz gorde dituen gorpuzkietako bat. Hipolito Berasategi Alcalde donostiarra zen kanposantuko Oroimenerako frontoia hilobi monumentuan 1977tik zaindu eta oroitu dugun biktimetako bat.

Briviescan (Burgos, Espainia) jaio zen Berasategi. Donostian bizi zen eta 1936ko urrian atxilotu zuten. Egunero-egunero joaten zitzaion emaztea Ondarretako espetxera arropa eta janaria eramatera. Azaroaren 7ko bisitan libre utzi zutela esan zioten poliziek baina Hipolito ez zen etxera itzuli. Orain jakin dute Oiartzunen fusilatu zutela.

Oiartzun, pertsona gehien fusilatu zituzten Gipuzkoako bigarren herria

Berasategi Hernanin fusilatu zutela pentsatu izan du beti bere familiak. Hain zuzen Hernani izan zen fusilamendu gehien izan zituen Gipuzkoako herria. Bigarrena, Oiartzun. 1936ko uztailaren 27an sartu ziren militar frankistak herrian eta demokratikoki aukeratutako udalbatza desegin zuten. Alkatea eta zazpi zinegotzi abertzaleak atxilotu edo atxilotzeko agindu zuten eta horietako bi, Leontzio Aranburu Agirre eta Manuel Irigoien Mitxelena, fusilatu egin zituzten. Baita Segundo Berrondo Retegi zinegotziaren 18 urteko Joxe Mari semea ere, aita ez zutelako aurkitu.

Ehundik gora lagun hil zituzten herrian. Asko kanposantuko hormaren kontra fusilatu zituzten. Beste asko Iragorriko hilerrian. Trabajadoreen batailoiak ere egon ziren Arritxulo edo Babilonian, eta gutxienez zazpi trabajadore fusilatu zituztela uste da. Horien hezurrak ere hilerrian egon daitezke identifikatzeke. Urte luzez aritu dira Oiartzungo hainbat eragile, herritar eta udala bide bazterrean zeuden gorpuak eta haien duintasuna erreskatatzen. 1976an Euskal Herriaren askatasunaren alde hildakoei omen egiteko monumentua enkargatu zion Iñaki Aristizabal Oiartzungo alkateak Peña Ganchegui arkitektoari. 1977ko azaroaren 1ean inauguratu zuten eta Oroimenerako frontoia hilobian bildu eta duinki lur eman zaie orain arte aurkitutako gorpuzkiei.

Memoriaren aitzindari

Herri aitzindaria izan da Oiartzun memoria historikoa berreskuratzeko lanketan. Francisco Franco diktadorea hil berritan hasi ziren oiartzuarrak eta udala gertatu zenaren egia, justizia eta erreparazioaren bila. 2007an onartu zuen Espainiako gobernuak Memoria Historikoaren Legea eta ondoren hasi ziren toki gehienetan biktimen eskubideak lantzen. Ordurako 30 urteko bidea egina zuen gure herriak.

1977an hilobi monumentua inauguratu eta gorpuzkiei bertan lur eman ondoren esparru asko landu eta ekintza ugari egin dira herritarren eta udalaren elkarlanari esker. 2005ean memoria historikoa lantzen duen Kattin Txiki elkartearen sorrerak aire freskoa ekarri zuen. Egin zituzten ikerketei esker gorpu gehiago aurkitu zituzten Iragorriko kanposantuan. Beste hainbat ekimen ere egin dira: gertaera bortitzak pasa ziren tokiak memoriarako leku bihurtu (Iragorriko kanposantua bera edo Arkalen berreraiki berri duten trabajadoreen barrakoia kasu), omenaldiak egin, gertatutakoa ahaztu ez dadin dokumentaletan jaso (Oiartzungo gerra umeena, trabajadoreen testigantzak)… 

2021ean Kattin Txiki eta udalaren iniziatibaz hilobian gordeta zeuden hezurrak katalogatzeko proiektua martxan jarri zen, bertan dauden gorpuak identifikatzeko saiakera berria egiteko. Jakina da, oraindik ere, oiartzuar familia asko daudela euren senitarteko errepresaliatuak non dauden jakin gabe eta horretarako Aranzadirekin jarri ziren harremanetan eta lan horretan ibili da elkartea azken bi urteetan. Prozesu konplikatua eta  zaila izan da hainbeste urte dituzten hezurretatik DNA ateratzea. Baina zorionez lortu da biktimetako bati izen-abizenak jartzea.

87 urte aitaren bila

Urte bete besterik ez zuen Pepi Berasategik Hipolito fusilatu zutenean. 87 urte pasa ditu aitaren bila. Larunbatean emango dizkiote hainbeste urtetan maitasunez eta mimo handiz Oiartzunen gordetako hezurrak.

Oiartzungo herriaren izenean joan den ostiralean eman zioten Hipolitoren gorpuzkiaren kutxa Joana Mendiburu alkateak eta Joxan Mitxelena eta Ramon Gaztelumendi Kattin Txikiko kideek Aranzadiko ikerlariei, Pepi alabari entregatzeko. Emozioz betetako omenaldia izan zen eta bertan parte hartu zuten udal taldeko kideek, alkate eta zinegotzi ohiek, Kattin Txiki eta herriko beste hainbat eragilek eta hamarnaka oiartzuarrek.

1977tik gordetako gorpuetako bat identifikatzea lortu zela jakitean bi emozio gailendu zitzaizkiela esan zuten Mendiburuk eta Gaztelumendik, “poza eta hunkidura, bizi osoa aitaren bila pasa duen alabak azkenik topatu duelako eta behar den bezala lurperatzeko aukera izango duelako”. “Letra larriz idatzitako harrotasuna” sentitzen zutela ere aitortu zuten, “herri bezala jakin dugulako memoria historikoari behar duen garrantzia ematen, urtez urte desagertutako pertsonak bilatzen, urtez urte beraien hezurrak zaintzen, haien oroimena gorde eta zabaltzen eta gure esku dagoen neurrian senitartekoak oraindik desagertuta dituzten familiei non dauden aurkitzen laguntzen”.

“Egindako lanak Hipolitoren familian zauria ixteko balioko duela desio dugu. Eta asko poztuko ginateke beste gorpuzki batzuk ere identifikatzea lortuko balitz eta beste familia batzuetan dagoen bilaketa ariketa hau ixteko aukera izango balute”. Oraindik oiartzuar asko daudela desagertuak gogorarazi zuten, identifikatu ez direnak. “Hemen, hilobian, beste 27 gorpuzki ditugu jakin gabe nortzuk diren”. “Orain arte bezala” laguntzen jarraitzeko konpromisoa hartu zuten: ”Gure eskuetan dagoena egingo dugu beste hezur batzuk ere identifikatzea lortzeko”. Ostiralean bertan egon ziren Aranzadiko ikerlariak Oiartzunen gordetako hezurren lagin berriak ateratzen DNA probak egiteko.

Oiartzungo herriak eta udalak urte luze hauetan egindako lanari esker Hipolito Berasategiren hezurrak berreskuratuko ditu azkenik bere alaba Pepik. Pozik eta oso emozionatuta jaso zuen albistea. Balio dezala haien zauria itxi eta mina goxatzeko.

Ikusi hemen abenduak 1eko omenaldi ekitaldia.