Oiartzuarren bizi kalitatea handitu eta komunitatea indartzeko proiektuak jaso dituzte 2024ko udal aurrekontuan.
21.267.244 euroko aurrekontua izango du Oiartzungo Udalak 2024an, oiartzuarren bizitzak hobetu eta komunitatea indartzeko. Abenduko ohiko udalbatzarrean onartu dituzte, EH Bilduko zinegotzien aldeko botoekin (EAJ-PNVk kontra bozkatu du).
Elkarlanean osatu dute aurten ere aurrekontu berria. 2023ko ekainean abiatu zuen gobernu taldeak prozesu partehartzailea, oiartzuarren lehentasunak eta herriko erronka estrategikoak uztartzeko. Legealdirako osatutako kudeaketa plana eta ildo estrategikoak oinarri hartuta, irailera bitarte udaleko sailetako zinegotzi eta teknikariek arlo bakoitzeko beharrak antzeman eta aurrekontu proposamena prestatu zuten. Urrian zehar auzoz auzo egindako bileretan aurkeztu zuten zirriborroa, herritarren ekarpenak jaso eta txertatzeko. Azaroan oposizioarekin eta herriko hainbat eragilerekin partekatu eta borobildu dute oiartzuarren eta Oiartzungo beharrak erdigunean dituen aurrekontua.
21 milioitik gora
21,2 milioi pasako aurrekontua izango du udalak 2024an. Aurrekontu orekatua osatu dute. Oreka kalitatezko zerbitzuak eman eta proiektu berrietarako diru-sarrerak eskuratzeko bidean, eta aldi berean, herritarrei zergak ahalik eta gutxien igota. Horregatik, KPIa %3,8 igo den arren, 1,5 puntu besterik ez dituzte igo zergak (egoera ekonomiko zailean dauden herritarrentzat hobariak aurreikusi dituzte).
Oiartzungo Udalak ez du banketxeekin zorrik eta 2024ko proiektu denak aurrera eramateko ere ez da mailegurik eskatu beharko.
Aurrekontuaren erdia oiartzuarren ongizatea hobetzera
Diru-sarrera gehiago izateak aukera emango du udaletxeko sailen aurrekontua igotzeko. Igoera nabarmenena oiartzuarren ongizatearekin lotutako sailetan izango da: aurrekontu osoaren erdia baino gehiago (10,8 milioi €) herritarren ongizatearekin eta bizi-kalitatearekin lotutako sail eta proiektuetara bideratuko dute (ongizatea, etxez etxeko zerbitzua, kultura, kirola, hezkuntza, euskara, feminismoa, gazteria eta hirugarren adina, besteak beste).
Aurrekontuaren herena (7,3 milioi €) Oiartzungo ekonomia iraunkorra sustatu, ingurumena eta mendiak zaindu, mugikortasun jasangarria bultzatu, hiri antolamendua garatu, azpiegiturak mantendu eta ur eta hondakin zerbitzuak emateko izango da.
Zerbitzu eta proiektu hauek eman ahal izateko beharrezkoa den udal antolaketarako izango da aurrekontuaren beste %14a (3 milioi €).
Herri berdinzalea, bizia, jasangarria eta euskalduna
Oiartzun hobea lortzeko herri bezala ditugun sei erronka nagusiri erantzun nahi dio aurrekontu honekin udalak:
- Herritarren osasuna, ongizatea eta bizi-kalitatea hobetu: Gizarte Zerbitzuen berrantolaketa izango da 2024ko proiektu nagusia. Saila Fermiñene etxera, herriko plazaren zentrora pasatzeko lanak bukatu eta zerbitzu berriak martxan jartzeko baliabideak ere gorde dituzte (jubilatuen egoitzan aisialdiaren inguruko zerbitzua, gizarte hezkuntzako esku-hartze zerbitzua eta bazterkeria arriskuan dauden pertsonentzat eskualdeko egoitza, besteak beste). Zaintza sare publiko-komunitarioaren diagnostiko eta lanketarekin ere jarraituko dute. Feminismo sailaren aurrekontua indartu eta %11 igoko dute.
- Energia trantsizioa hauspotu, aldaketa klimatikoari aurre egiteko: Energia efizientzia hobetzeko partidak indartuko dira, energia berriztagarriko instalakuntza berriak egingo dituzte eta herritarrekin batera energia komunitateak sortzeko bidea egingo da.
- Mugikortasun jasangarria bultzatu: Xorrola eta Taxibusa mantendu eta hobetzeko pausoak emango dira. Gainera, autoa gutxiago erabiltzeko eta oinez edo bizikletan mugitzea sustatzeko bidegorria luzatu, bizikletak aparkatzeko gune egokiak egin eta Oarsoalderako alokairuzko bizikleta sistema jarri nahi dute martxan.
- Herri kultur zalea, sortzailea eta bizia sustatu: Landetxe kultur areto berria izango da kultur eskaintzaren bihotza baina herriko eragileekin eta sortzaileekin elkarlanean kultura Oiartzungo txoko guztietara zabaltzen jarraitu nahi dute. Kultur programazioa indartzeko eta sorkuntzarako baliabideak eskaintzeko proiektuak eta diru-partidak jaso dituzte aurrekontuan.
- Oiartzun euskalduna lortu: Euskararen aurkako erasoak etengabeak diren honetan, eta Oiartzun bezalako arnasguneak euskara berreskuratzeko indargune nagusiak direla jakitun, euskara ez dakitenek ikasteko eta dakitenek erabiltzeko proiektuak egingo dituzte. B2 mailara arteko ikastaroen kostu osoa udalak hartuko du beregain eta, gainera, apustu sendoa egingo da haur etorkin berriei euskara errefortzuak eskaintzeko.
- Udala herritarrei hurbildu: Udal zerbitzuak optimizatu, modernizatu eta herritarrei prozedurak arintzeko, herritarrentzako arreta gune berria sortuko da plazan. Udalaren webgunea ere berrituko da, udalaren eta herritarren arteko komunikazioa eta gardentasuna areagotzeko.
Herria hobetzeko proiektu eta egitasmo garrantzitsuak
Oiartzuarren bizi kalitatea handitu eta komunitatea indartzeko hamarnaka proiektu eta egitasmo jaso dituzte 2024ko aurrekontuan.
- Azpiegitura atseginak: 2.492.000 €
- Ugaldetxoko futbol zelaia berritzea: 350.000 €
- Rafael Pikabea hiribidea urbanizatzea: 300.000 €
- Poligonoen biziberritzea: 160.000 €
- Altzibarko gune estalia: 150.000 €
- Auzoetako mantenu lanak: 40.000 €
- Herri berdinzalea: 2.384.000 €
- Etxez etxeko laguntza zerbitzua: 828.000 €
- Arazo ekonomiko eta sozial larrian dauden herritarrei laguntza: 215.000 €
- Gizarte eta hezkuntza esparruko esku hartzea: 96.000 €
- Bazterkeria arriskuan dauden pertsonen eskualdeko egoitza berria: 90.000 €
- Zaintzadi proiektua: 60.700 €
- Herriko jubilatuen aisialdi eskaintza: 28.000 €
- Herri hezitzailea: 2.380.000 €
- Urmendi haur eskola: 1.062.635 €
- Ikastetxeak: 984.000 €
- Ludoteka eta udalekuak: 148.700 €
- Topalekua eta kuadrillategi: 109.000 €
- Herri osasuntsua: 2.358.000 €
- Elorsoro kiroldegia: 1.530.000 €
- Kirola sustatzeko egitasmoak eta dirulaguntzak: 278.000 €
- Herri kultur zalea: 1.626.000 €
- Landetxe kultur aretoko programazio eta kudeaketa: 145.000 €
- Herriko eragileen kultur programazioa eta sorkuntza: 75.000 €
- Biblioteka hobetzeko proiektua: 80.000 €
- Ondarea: 36.000 €
- Herri jasangarria: 975.000 €
- Xorrola autobus zerbitzua: 250.000 €
- Herriko energia azpiegiturak hobetu: 120.000 €
- Taxibusa: 55.000 €
- Bizikleten aparkaleku estaliak eta bizikleta sarea: 55.000 €
- Lehen sektorea laguntzeko Lurbizi egitasmoa: 50.000 €
- Argitturri energia berriztagarriek sustapena bultzatzeko egitasmoa: 50.000 €
- Ekonomia iraunkorra: 706.000 €
- Enpresen garapena eta enpleguaren sustapena: 217.000 €
- Merkataritza txikia: 25.000 €
- Herri euskalduna: 539.000 €
- Oiartzun Irratia eta Ttur-Ttur: 137.000 €
- Lan mundua euskaldundu eta euskara ikasteko bekak: 74.000 €
Aurrekontuaren helburu nagusiak azaldu dituzte Joana Mendiburu alkateak eta Oihana Irastorza Ogasun zinegotziak. Ikusi hemen.