Uztaileko udaleku irekietan izen-emateko epea ireki dute

HH 3. mailatik LH 6. mailara bitarteko haurrentzat izango dira.

Gaur zabaldu dute uztaileko udaleku irekietan izena emateko epea. Hilaren 24a izango da apuntatzeko azken eguna. Online egin behar da matrikula, www.gazteoiartzun.net helbidean.

Balore hezitzaileak aintzat hartuta, ongi pasatzeko goiz pasa eskaintza zabala izango dute haurrek; errekara edo igerilekura joan, tailerrak egin, jolastu eta lagunartean gozatzeko. 400 plaza eskainiko ditu aurten ere Udalak. HH 3. mailatik LH 6. maila arteko haurrek parte hartu dezakete. Oiartzuarrak -bertan erroldatuak- edota Oiartzungo ikastetxeren bateko (Elizalde Herri Eskola edo Haurtzaro Ikastola) ikasle behar dute izan. Epez kanpo egindako matrikulak ez direla onartuko gogorarazi dute.

Hilabete osoa edo hamabostaldi bat

Uztailaren 1etik 30era izango dira aurten udalekuak, 9:30etik 13:30era. Hamabostaldi bat bakarrik joateko aukera ere izango da (hilaren 1etik 12ra edo 15etik 30era).

Hamabostaldi bakarreko kuota 41,82 € izango da. Autobus zerbitzuarekin, 55,42 €. Hilabete osoko kuota, berriz, 83,64 € izango da, 111,90 € autobus zerbitzuarekin. Familia bereko hiru haurrek izena ematen badute prezio berezia izango dute, baita guraso bakarreko familiek ere.

www.gazteoiartzun.net helbidean ikus daiteke aurkeztu beharreko dokumentazioa eta zerbitzuaren prezioen xehetasunak. Informazio gehiago nahi duenak bide hauek erabili ditzake: udalekuak.oiartzun@gmail.com-era idatzita edo 943 50 64 12 edo 645 005 496 telefonoetara deituta.

Gehigarriak

Uztaileko udaleku irekietan izen-emateko epea ireki dute