Maiatzaren 8an herritarren ekarpenekin aberastuko dute.
Oiartzungo mugikortasun plana aho batez onartu zuten asteazkeneko udal osoko bilkuran. Behin-behineko plangintza da, hilabetez herritarrek ekarpenak egiteko eta aberasteko aukera izango baitute.
Lurraldean zehar mugitzeko dugun erak, paisaia eta egitura eraldatzeaz gain, ingurugiro osoari eragiten dio, mugitzeko kontsumitzen dugun energia eta baliabideen eraginez. Nabarmen ugaritu dira azken urteotan mugikortasunaren ondorioz sortutako kutsadura eta arazoak. Kalte horiek murrizteko osatu dute bost urteko iraunaldia izango duen Oiartzungo Mugikortasun Plana. Gure mugikortasun ohitura eta honekin lotutako espazio publikoaren erabileraren inguruan hausnarketa egin eta eraldaketak eta estrategiak proposatzen ditu, klima aldaketari aurre egin, energia aurreztu eta herri atseginagoa lortzeko. Irakurri hemen.
Plan “errealista baina ausarta” osatu dutela esan zuen Ibon Mitxelena Ekonomia Sozialerako zinegotziak. Gogorarazi zuenez, legealdi hasieran hartu zuten konpromisoetako bat izan zen klima aldaketari aurre egiteko mugikortasun plana osatzea. 2022an herriko mugikortasunaren inguruan egin zen diagnosia izan dute oinarri, eta bertan aterako ondorioen baitan zehaztu dituzte helburuak eta ekintzak. Bost ardatz estrategikotan antolatu dituztela azaldu zuen: Oiartzungo ardatz aktiboak; garraio publikoa eszenatoki berrian; kotxearen zentraltasuna eraldatu; jarduera ekonomikorako eremuetan eragitea; eta hirigintza eta mugikortasuna.
Plana azaldu eta osatzeko parte-hartze saioa
Orain arte emandako pausoetan sakondu eta konpromiso berriak hartu nahi dituzte “etorkizunari begira” egindako planean. Mugikortasun egongo diren ohitura aldaketak jendearengan eragin “positiboa” izango duela adierazi zuen zinegotziak, herriarentzat eta herritarrentzat “onuragarriak” izango direlako.
Mugikortasun eredu jasangarriagoa lortzeko ezinbestekoa izango da udalaren, herritarren eta eragileen elkarlana eta horregatik, plana herritarrei azaldu eta haien ekarpenekin aberasteko saioa egingo dute. Maiatzaren 8an izango da (asteazkena da), 18:30ean udaletxeko areto nagusian. Hobekuntza proposamenak jaso eta datorren hileko udalbatzarrean behin-betiko onarpena emango diote.
Adierazpen askatasunaren alde
Yakovlev42 herriko musika taldearen aurka guardia zibilak jarritako salaketa dela eta, taldekideei babesa eta elkartasuna adierazi nahi izan zieten udal ordezkariek. Agustin Lekuona alkateordeak irakurri zuen adierazpen askatasunaren defentsa egiteko aho batez onartu zuten mozioa. “Gure herrikide diren musikariei gure elkartasuna adierazi nahi diegu. Era berean, jakinarazi nahi dugu ez dugula adierazpen askatasunaren aurkako ezein eraso inolaz ere onartzen”. Erakunde publikoetatik artisten adierazpen askatasuna babestu eta zaintzeko konpromisoa berretsi zuten, “demokrazia osasuntsu baten mesedetan, kultura eta artea iritziak eta ideiak plazaratzeko tresna baliotsuak” baitira.
Endika Loiola taldekideak hitza hartu zuen bi udal-taldeei eskerrak emateko. “Lasai” eta jaso duten babes guztiagatik “oso indartsu” daudela esan zuen, eta adierazpen askatasuna “funtsezko eskubidea” dela aldarrikatu zuen.
Palestinaren aldeko mozioa aurrera, EH Bilduren botoekin
Palestinaren alde aurkeztu Palestinarekiko Erantzukizuna Elkarteak aurkeztutako eta EH Bildu taldeak bere egindako mozioa ere izan zuten hizketagai. Maite Santamariak elkarteko kideak, Palestinan gertatzen ari den genozidioa salatu eta krimen hau eteteko neurriak hartzea eskatu zuen. “Espainiako Estatuko gobernuak ez ezik, Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta tokiko administrazioek ere mundu osoan bakea mantentzeko eta giza eskubideak errespetatzen laguntzeko erantzukizuna dute. Eta horretarako, Israelek Palestinako herriaren aurka egiten dituen krimen sistematikoen aurrean duen zigorgabetasuna amaitu behar da”. Palestinan berehalako su-etena, bitartean Israelgo gobernuarekin harreman instituzional guztiak etetea eta gatazkaren egiturazko arrazoiak “okupazio koloniala” eta “apartheid-a” direla onartzea eskatu zuen.
EH Bilduko hautetsien aldeko botoekin onartu zen mozioa. EAJ-PNVkoak abstenitu egin ziren, aurkeztutako testuan “azkeneko eskalada falta zelako Israelgo estatua palestinar biztanleria zibilaren aurka egiten ari den eraso “indiskriminatua onartezina eta gaitzesgarria” dela easn zuen Janire Mitxelena taldeko bozeramaileak. Gerra ez dela palestinarren aurkakoa adierazi zuen, “nahiz beraiek jasaten duten. Gerra Hamasen aurka da. Zisjordanian ez dago gerrarik Hammas ez dagoelako”.
Apirileko protokolo gastuak 1.023,26 € izan dira, lore-eskaintza, garaikur, bidaia eta luntxetan.
2024 © Oiartzungo Udala. Lege Oharra | Erabilerreztasuna | Cookiei buruzko oharra | Datuen Babeserako politika