Lau hilabetez luzatuko dira lanak.
Arraguatik Gurutzera doan Orereta bidea berritzeko lanak egiten hasiko dela iragarri du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Bere eskumenekoa da GI-2134 errepidea eta Arragua eta Elizalde arteko tartea eraberrituko du.
Zatika egingo dute proiektua. Arraguan hasiko dituzte obrak, Irunera doan AP-8ko sarreran eta Elizaldeko Ollarriarre aparkalekurainoko bidea konponduko dute. 2 kilometroko tartea denez, obrak lau hilabeteko iraupena izango duela aurreikusi dute, maiatzetik abuztura.
Trafikoan afekzioak
Gune bakoitzaren egoeraren arabera interbentzio ezberdinak egingo dituzte. Bide osoko asfaltoa urratu eta berria botako dute, eta zati batzuetan konponketa sakonagoa egingo dute, azpiko kapak kontsolidatzeko. Errepidea ez da itxiko, baina lanean ibiliko diren eremuan errail bakarra egongo da irekita eta semaforoekin joango dira autoen martxa bideratzen. Horregatik, lanek trafikoan afekzioak eragin ditzaketela aurreikusi dute.
Xorrola, taxibusa eta Ekialdebuseko zerbitzuen ordutegietan edo aurreikusita dauden kirol probetan eraginik ez izateko, obrak gauzatuko dituen enpresarekin koordinazio lanetan dabil Udala. Ibilbidean edo ordutegian aldaketa puntualik egin beharko balitz aurrez jakinaraziko da.
2024 © Oiartzungo Udala. Lege Oharra | Erabilerreztasuna | Cookiei buruzko oharra | Datuen Babeserako politika