Kiroldegiko igerileku handia itxi beharko dute hiru egunez, matxura bat konpontzeko

Ostiralerako berriz martxan egotea aurreikusi dute.

Elorsoro kiroldegiko igerileku handian ura sartu eta berotzeko erabiltzen den bonba nagusia hondatu egin da gaur goizean. Matxuraren ondorioz, uraren tenperatura eta kloroaren maila egokia bermatzeko zailtasunak sortzen hasi dira. Bonba txiki bati esker orain arte igerilekua irekita mantentzea lortu duten arren, arratsaldetik aurrera itxi egin beharko dute, uraren tenperatura jaisten joango baita. Gaur arratsaldeko 16:15etik aurrera ezingo da igerileku handia erabili, beraz.

Konponketa lanak hiru egunez luzatuko direla aurreikusi dute kirol instalazioko arduradunek. Astearte, asteazken eta ostegunean igerileku handia itxi egingo dute eta bertan programatuta zeuden igeriketa ikastaroak ere bertan behera utzi dituzte. Bonba konpondu eta tenperatura eta kloroa ohiko parametroetara itzultzean irekiko dute berriz (ostiralean, ziurrenik).

Igerileku txikia eta termak irekita egongo dira, eremu horietako instalazioak independenteak baitira eta martxan baitaude.

Bertan behera gelditutako ikastaroak ekainean emango dira

Ekainak 10eko astean  izango da hiru egun hauetan bertan behera geratuko diren igerileku handiko jarduerak errekuperatzeko aukera.

KirolTxartela Mugiment txartelari esker, Elorsoroko bazkideek beste 100 herrietako kirol instalazioak doan erabili ditzaketela gogorarazi dute kiroldegiko arduradunek, tartean Errenteria, Lezo, Pasaia edota Irungoak. kiroltxartela.eus webgunean ikus daitezke erabili daitezkeen instalazioak, zerbitzuak eta ordutegiak.

Beste kiroldegiak erabili ahal izateko, beharrezkoa da aurretik mugikorrean KirolTxartela Mugiment aplikazioa deskargatu eta erabiltzailearen datuak sartzea.

Gehigarriak

Kiroldegiko igerileku handia itxi beharko dute hiru egunez, matxura bat konpontzeko