Errenterian eraso matxista jasan zuen emakumeari babesa adierazi dio Udalak

Atzoko udalbatzako gai guztiak, adostasunez aurrera.

Aho batez onartu zituzten maiatzeko udal osoko bilkurako gai denak.

Oiartzungo Mugimendu Feministak Errenteriako eraso matxista salatu eta emakumeari elkartasuna adierazteko aurkeztutako mozioaren aldeko botoa eman zuten zinegotzi denek. Duela gutxi jakin da 2021. urtean Errenteriako indarkeria unitatean lan egiten zuen ertzain batek emakume bat erasotu zuela.

Mugimendu feministako kideek adierazi zuten ez dakitela isilpean igarotako 3 urteetan erasotutako emakumearekin zer gertatu den. “Ez dakigu laguntza jaso ote duen. Lehenik, bikotekideak eta, ondoren, ustez babestu behar zuenak erasotu zuten. Ez dakigu berriro ere instituzio publikoetan konfiantza izatera iritsi ote den”. Salatu zuten gertaera honek “berriro ere argi erakusten duela gorputz poliziala sistema heteropatriarkal, arrazista eta kapitalista babesteko” sortu dela. Horregatik, hiru eskaera egin zizkieten udal ordezkariei. Lehena, erasotutako emakumeari elkartasuna adieraztea eta horrelako kasuen aurrean dauden baliabideak emakumeari iritsi zaizkiola ziurtatzea. Bigarrena, Errenteriako Ertzaintzako komisaldegiari herriaren ezinegona helaraztea, eta indarkeria matxistagatik erasotuak izan diren emakumeekiko harrera eta arreta protokoloak berbegiratu, eguneratu eta hobetzeko eskaera egitea. Eta hirugarrena, Udalak indarkeria jasaten duten emakumeak behar bezala artatuak izan daitezen bermatzeko urratsak ematea, horretarako beharrezkoak diren zerbitzuen eta protokoloen bidez.

Aho batez onartu zuten mozioa (hemen irakurri daiteke testu osoa). Bere taldearen aldeko botoa azaldu nahi izan zuen Janire Mitxelena EAJ-PNVko bozeramaileak. Bozkatu ziren hiru puntuak eta azalpenetan ematen ziren arrazoiak ez zirela koherenteak esan zuen. “Idatziko azalpenetako zati batzuekin ez gaude ados, gertakari bat ezin baita erabili erakunde oso bat epaitzeko. Dena den, bozkatuko diren hiru puntuekin ados gaudelako emango dugu aldeko botoa”.

Abuztuak 4, 2025eko Oiartzungo jai eguna

Altzibarko ALT-6 eremuan egiten ari diren 12 etxebizitza tasatuetarako zozketan parte hartzeko onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onartu zuten. 232 herritarrek egin dute eskaera eta horietatik 135 onartu dituzte, baldintza guztiak betetzen dituztelako. 15 eguneko epea izango dute interesdunek alegazioak aurkezteko.

2025ean udalerriko jai eguna zein izango den ere zehaztu zuten. Abuztuaren 4a (astelehena) izango da datorren urtean Oiartzungo jaiegun ofiziala, Done Eztebe eguna (abuztuak 3) igandea izango baita.

Maiatzeko protokolo gastuak 2.603,74 € izan dira, garaikur, plaka, lore eta bidaietan.