Irulegiko aztarnategira bisita berria antolatu dute, uztailerako

Berriz egingo dute iazko ibilaldi arrakastatsua, jende asko gelditu baitzen tokirik gabe.

Euskal ondarearen eta gure hizkuntzaren mugarri bihurtu den Irulegiko aztarnategira ibilaldi gidatua antolatu zuen iaz Udalak, abuztuaren 26an. 75 oiartzuar animatu ziren goiz-pasara eta Irulegi eta bertan egiten den lana ezagutzeko aukera izan zuten, Aranzadiko arkeologoek lagunduta. Burdin Aroko herrixka, eskuaren etxea eta XV. mendeko nafar gaztelua bisitatu zituzten.

Azkar bukatu ziren ibilaldiko autobusean izena emateko tokiak eta izan zuen arrakasta ikusita berri antolatu du txangoa Udalak. Uztailaren 14an izango da (igandea da), eta iaz egindako ibilbidea errepikatuko dute.

8:30ean atera eta eguerdirako buelta

Manuel Lekuona bibliotekako geltokitik aterako da autobusa, 8:30ean. Oiartzundik Ilundaingo aparkalekura joango dira eta bertan hasiko da bi ordu inguruko bisita gidatua. Oinez igoko dira Irulegi mendiko aztarnategira, Aranzadiko kideen laguntzaz. Arkeologoek proiektuaren eta indusketa-lanen azalpenak emango dituzte bertan.

Bide aldapatsua da eta gailurrera igotzeko 150 eskainera daudenez, mendiko arropa, oinetako erosoak, ura eta hamaiketakoa eramatea gomendatzen da. Bisitaldia ez dago aniztasun funtzionala edota mugikortasun murriztua duten pertsona batzuentzat egokitua eta komeni da gutxienez 8 urte izatea.

Eguerdirako iritsiko da autobusa Oiartzunera, 14:30 aldera.

Udaletxean eman behar da izena

Ibilaldia doan da eta 59 lagunentzat dago tokia. Udaletxean eman behar da izena, telefonoz edo emailez (943 490 142, oiartzun@oiartzun.eus). Uztailaren 5a izango da horretarako azken eguna baina arin ibiltzea gomendatu dute, egun gutxitan bete baitzen iaz autobusa. Izen-abizenak eta telefono zenbakia edo emaila eskatuko dira apuntatzerakoan.

Gehigarriak

Irulegiko aztarnategira bisita berria antolatu dute, uztailerako