Arragua biziberritzeko irizpideak adostu dituzte

200 lagun hurbildu dira parte-hartze saioetara.

Arrakastatsuak izan dira Arragua biziberritzeko proiektua herritarrekin partekatu eta aberasteko saioak. Bilera horietan egitasmoaren historia luzea azaldu zuen udalak eta, ondoren, auzogune berria diseinatzeko irizpide orokorrak guztien artean adostu ziren. Bost bilera egin dituzte guztira, eta 200 lagunek hartu dute parte.

Pozik eta oso baikor azaldu da Udala jasotako erantzunarekin, urte hauetan guztietan egindako lana eskertu eta babestu baitute auzotarrek. Zentzu horretan, Udalaren eta auzotarren arteko sintonia erabatekoa izan da eta hori oinarri ezin hobea da hurrengo faseei heltzeko.

Behar eta erabilera ezberdinetarako espazioak

Auzotarren neurrira sortutako espazio berriak elkarrekin irudikatu dituzte, guztion gozamenerako eta erabilerarako aproposak izan daitezen:

  • Plaza: auzo berriaren eta zaharraren arteko topagunea izango den espazio libre handi eta zentrala izango da, auzotarren elkargune berria eta nagusia. Erabilera askotarako espazio ezberdinak izango ditu.
  • Berdeguneak eta errekak: ongizatea sustatzeko, jarduera anitzak eskainiko dituzten berdeguneak egingo dira. Kokapenaren eta ezaugarrien arabera izaera diferenteak izango dituzte (irisgarriak, eserleku eta atsedenguneak txertatuz, elementu naturalekin harremanean dauden jolas guneekin…).
  • Ekipamenduak eta zerbitzuak: Herritar eta auzotarrek egunerokotasunean erabiltzeko zerbitzuak aurreikusiko dira, diseinuan auzo-eskala mantenduz. Aisialdirako lokalak, elkarbizitzarekin harremana duten jarduera eta zerbitzuak…
  • Mugikortasuna eta kaleak: kaleen diseinuaren bitartez trafikoa mugatu eta abiadura baretuko da. Kale naturalizatuak izango dira. Herrigunearekin zein eskualdearekin loturak oinez, bizikletaz, autobusez edo trenez egitea sustatuko da.

Hemen ikus daitezke ondorio guztiak.

Hurrengo faseetarako abiapuntua ezarri da

Arraguako espazio publikoak hobetzeko aukera izango da biziberritze hau. Datozen hilabeteetan, auzoan aurkeztutakoa oinarri hartuta, proiektu honen parte diren promotorearekin eta Eusko Jaurlaritzarekin plan desberdinak aztertu eta negoziatuko ditu hirigintza sailak. Lantzen eta onartzen azkena urbanizazio plana izaten da. Bertan jasoko da espazio publikoen nolakotasuna eta, beraz, hori izango da oraingo parte hartze prozesuan auzotarrekin landutako irizpideak txertatzeko unea.

Proiektuaren zirriborroa izatean (2026. urte hasieran  izango dela aurreikusi dute), auzoan aurkeztu eta parte-hartzeko saio berriak egiteko konpromisoa hartu du Udalak.