Maialen Oiartzabal eskiatzaileak jasoko du 2024ko Kirol Saria

Lau aldiz irabazi du Espainiako txapelketa eta brontzezko domina lortu zuen Europakoan.

Maialen Oiartzabal Mendibilentzat izango da IX. Kirol Saria. Eskiatzaile akrobatikoaren ibilbide profesionala nabarmendu nahi izan du UKABek, herriko kirol elkarteetako ordezkariak eta Udala biltzen dituen Kirol Aholku Batzordeak.

Apirilean ireki zuten 2024ko Kirol Saria jasotzeko hautagaitzak aurkezteko epea. 34 proposamen jaso dituzte eta guztien artean Oiartzabal omentzea erabaki dute, “goi mailako kirol lehiaketetan izandako ibilbide oparoagatik”. Eskiatzaileari aitortza egingo diote, “Oiartzun herriaren izena munduan zehar zabaltzeagatik”.

Eski modalitate ezberdinetan txapeldun

Txikitatik datorkio Oiartzabali eskiarekiko zaletasuna eta 12-13 urterekin probatu zuen lehen aldiz freestyle-a. Ordutik, eskiatzera joatean eski modalitate hau landu eta entrenatu eta lehiaketa txikitan parte hartzen hasi zen, Slopestyle modalitatean gehien bat. 2-3 jauzi eta akrobazia ezberdinak egin behar dira lehiaketa hauetan, zirkuitu moduko batean.

2017an aurkeztu zen estreinakoz Espainiako txapelketara eta lehen postua lortu zuen. Garaipena “sorpresaz” hartu zuela adierazi zuen, kategoria absolutuan lortu baitzuen urrezko domina, nahiz oraindik junior mailan lehiatzeko adina izan. Ederki moldatzen zela ikusita eta garaipenak indartuta, nazioarte mailan lehiatzen hasi zen hurrengo denboraldian. 2018an egin zuen bere lehen Europako kopako lehiaketa.

2019an Andorrara joan zen bizitzera, elurretik gertuago egon eta egunero entrenatu ahal izateko. Denbora honetan, gehien bat Slopestyle modalitatean ibili da lehian, baina Big Air-ean ere (salto bakarreko modalitatean) aritu da.

Hainbat garaipen eta domina ditu bere palmaresean. Lau aldiz irabazi du Espainiako txapelketa eta Europa mailan hirugarren postua eskuratu zuen 2020an Slopestyle modalitatean, denboraldi horretan Europako Liga nagusian hirugarren geratzea lortuz.

Urrian egingo diote omenaldi-ekitaldia, Udalak antolatzen duen Kirol Astean.

Gehigarriak

Maialen Oiartzabal eskiatzaileak jasoko du 2024ko Kirol Saria