Mende laurdena ospatzeko festa eguna antolatu du larunbaterako Oiartzun Irratiak.
Hogeita bost urte bete zituen igandean Oiartzun Irratiak. 1998an jarri zen martxan proiektua, euskararen normalkuntzarako eta herriko albisteen berri izateko tresna gisa. 1999an Udalarekin hitzarmena sinatu eta uztailaren 7an emititu zen lehen irratsaioa. Urteak aurrera egin ahala, irratia handitzen joan zen, tresna eta taldekide berriekin. Ehundaka oiartzuar pasa dira irratiko mikrofono aurretik eta herriko eragile eta elkarteen bozgorailu nagusi bihurtu dira. Irrati-uhinen bidez Oiartzungo etxeetan sartu eta gure eguneroko konpainia izatea lortu dute.
Urte hauetan guztietan ondoan izan dituzten entzule eta kolaboratzaileekin ospatu nahi dute urteurrena, eta larunbaterako (hilak 13) egun osoko jai egitaraua antolatu dute horretarako. 11:00etan hasiko da festa, haurren txokoarekin. Ondoren, herri kirolen desafioa, ekitaldia, bazkaria, kontzertua eta Tio Teronen ikuskizuna… Plazan eta inguruko txokoetan zer gozatua izango da!
2024 © Oiartzungo Udala. Lege Oharra | Erabilerreztasuna | Cookiei buruzko oharra | Datuen Babeserako politika