336 eguzki plaka jarriko ditu Elorsoron udalak, bertako argindarra sortzeko

150 kWp-ko instalazio fotovoltaikoa eraikitzen hasi da kiroldegiko teilatuan.

Kiroldegian 150 kWp-ko instalazio fotovoltaikoa egiteko lanak hasi ditu Udalak. Autokontsumorako elektrizitate berriztagarria sortzeko erabiliko du Elorsoroko teilatuaren azalera. Trantsizio energetikorako duen planean urrats garrantzitsua da, orain arte martxan jarri duen instalakuntza berriztagarri handiena izango baita. 336 plaka jarriko ditu 741 m2-ko eremuan, kiroldegiko elektrizitatea tokian bertan eta modu garbian sortu, eta energia burujabetzarako bidean aurrerapausoak ematen jarraitzeko.

Orientazio egokia eta itzalik ez duen tokia denez, eguzki panelek urtean 151.363 kWh sortuko dutela aurreikusi dute. Elorsoron erabiliko da plakek sortuko duten elektrizitate guztia. Kiroldegiak kontsumitzen duen elektrizitatearen %27 sortuko da instalazio berriztagarri honekin.

92.500 €ko inbertsioa egingo du Udalak eta instalazioa azarorako martxan egongo da.

Kiroldegia ere, jasangarriagoa

Energia gehien kontsumitzen duen udal instalakuntza da kiroldegia. Urtean 1.361.497 kWh erabiltzen dira bertan (elektrizitate eta gasa), herriko argiteria eta eraikin publikoetako kontsumo osoaren %37. Horregatik, herri jasangarriagoa izateko Udalak abian duen energia planean hainbat ekimen jaso dituzte kiroldegiko energia-kontsumoan eragiteko.

Kirol guneko sektorizazio osoa gauzatzeko proiektua gauzatzen ari da, elektrizitate eta gasaren erabilera espazioz espazio aztertu eta kontsumoa gutxitzeko neurri ezberdinak hartzeko. Energia kontsumoa murrizteko egiten ari diren lanketez gain, erabiliko den elektrizitatearen zati handi bat era garbian sortuko dute eguzki plaka hauekin.

Gehigarriak

336 eguzki plaka jarriko ditu Elorsoron udalak, bertako argindarra sortzeko