Ariketa fisikoa erdigunera ekarriko dute Kirol Astean

Urriaren 19tik 25era 18 ekintza prestatu dituzte.

Udalak eta herriko hainbat eragilek Kirol Astea antolatu dute urriaren 19tik 25era. Bizi osasuntsurako jarduera fisikoak duen garrantziaz jabetuta, oiartzuarrak aktibo mantentzea sustatu, kirolaren beste alde batzuk bistaratu eta modalitate ezberdinak jarri nahi dituzte erdigunean.

Adin-tarte, egoera fisiko eta zaletasun guztietarako ekintzak antolatu dituzte aurten ere. Jarduera fisikoa eta kirola “guztiontzat” izateko, antolatzaileek azpimarratu dute saiakera berezia egin dutela kirol-praktiketatik edo zenbait modalitateetatik urrunago dauden herritarrengana iristeko.

Emakumeek gimnasioan indarra lantzeko hastapen tailerra egingo dute estreinakoz, maskulinizatutako espazioan emakumeen ahalduntzea sustatzeko. Sedentarismoari aurre egiteko jarduerak ere prestatu dituzte. Proposamen errazak dira, edozein adin eta egoera fisikoko pertsonei bizimodu aktiboagoa izateko lehen urratsak ematera animatzeko. Jarduera fisikoa eguneroko bizitzan modu progresiboan txertatzeko inoiz ez dela berandu erakutsi nahi dute.

Hezkuntzan eta sentsibilizazioan ere eragin nahi dute, eta solasaldia egingo dute adin gabekoak babesteko inguru seguruak, inklusiboak eta errespetuzkoak sortzeko kirol elkarteek duten garrantziaz eta arduraz. Bereziki herriko kirol elkarteei zuzendutako saioa izango den arren, herritar guztientzat zabalik egongo dela adierazi dute.

Ekintza guztiak doakoak izango dira. Hona hemen prestatu duten egitaraua:

Urriak 19, larunbata:

  • Erritmo saioa Elorsoron, 9:15etik 13:15era Elorsoro Kiroldegian. Antolatzailea: Eskola Kirola.
  • Futbol egokitua, 9:00etatik 11:00etara Karla Lekuona futbol zelaian. Antolatzaileak: Mindara eta OKE.
  • Pala egokitua, 11:30etik 13:30era Madalensoron. Antolatzailea: Mindara.

Urriak 21, astelehena:

  • Emakumeentzako indarra lantzeko hastapen tailerra, 10:00etatik 11:00etara Elorsoroko gihartze gelan. Antolatzailea: Elorsoro kiroldegia.
  • LOPIVI. Kirol elkarteak: Adin txikikoen kirola egiteko ametsa amesgaizto ez bilakatzeko erronkaren aurrean. Hitzaldia Juan Aldaz, 19:00etan pleno aretoan. Antolatzailea: Oiartzungo Udala.

Urriak 22, asteartea:

  • Toka txapelketa 55 urtetik gorakoentzat, 11:30etik 13:30era Landetxeko Toka lekuan. Antolatzailea: Gazte Izanak.
  • Mekanika tailerra, 18:00etatik 20:00etara Udako igerilekuaren azpiko lokalean. Antolatzailea: OTXE.
  • Benetako izenak. Bidaiatzeko eredu berriak sortzen: Himalaya eta Karakorum, 19:00etatik 21:00etara Landetxe Kultur Aretoan. Antolatzailea: Oiartzungo Udala.

Urriak 23, asteazkena:

  • Gimnasia familian, 17:00etatik 18:00etara Elorsoro kiroldegian. Antolatzailea: Hiruki Biraka.      
  • Mendi buelta korrika: Artaso-Urzelaita-Azkorrin-Zorrola-Artaso (8km inguru), 17:00etatik 18:30era Artaso Elkartean. Antolatzaileak: Intxixu Trail eta Haurtzaro Atletismoa.
  • Emakumeentzako indarra lantzeko hastapen tailerra, 18:00etatik 19:00etara Elorsoroko gihartze gelan. Antolatzailea: Elorsoro kiroldegia.
  • ‘Roca’ (ELA eta mendia), 19:00etatik 21:00etara Landetxe Kultur Aretoan. Antolatzailea: Girizia Mendi Taldea.

Urriak 24, osteguna:

  • Mugikortasuna lantzeko talde lana, 10:30etik 11:30era Txara parkean. Antolatzailea: Abittu.
  • Gimnasia familian, 17:00etatik 18:00etara Elizalde ikastetxean. Antolatzailea: Hiruki Biraka.      
  • ‘Kirol-elikadura: goi-mailako kirolariak nola  zaintzen dira?’ Zigor Iturrieta eta Oihana Kortazarren hitzaldia, 18:00etatik 20:00etara Laboren. Antolatzailea: Labore.

Urriak 25, ostirala:

  • Goma elastikoekin indarra lantzeko ikastaroa, 9:30etik 10:30era Elorsoro kiroldegian. Antolatzailea: Abittu.
  • Nordic Walking saioa, 11:00etatik 12:00etara Elorsoro kiroldegian. Antolatzailea: Abittu.
  • Oiartzungo kirol sariaren banaketa – Maialen Oiartzabal, 19:00etatik 21:00etara Landetxe Kultur Aretoan. Antolatzailea: Oiartzungo Udala.

Argazkian, Edorta Fernandez Kirol zinegotzia, Kirol Astearen antolakuntzan dabiltzan zenbait elkarteetako ordezkariekin.

Gehigarriak

Ariketa fisikoa erdigunera ekarriko dute Kirol Astean