Kulturartekotasuna sustatzeko Harrera Astea antolatu dute

Elkarbizitza, herri-kohesioa eta inklusioa izango dituzte ardatz.

Gero eta gehiago dira inguruko herrietatik edo Euskal Herriko mugetatik kanpo Oiartzunera bizitzera etortzen diren pertsonak. 2015ean hasi zen Udala bizilagun berriei harrera egiteko ongietorri ekitaldia antolatzen. Aurten, ekimena zabaldu eta Harrera Astea antolatu dute lehen aldiz, aniztasuna, kulturartekotasuna eta elkarbizitza lehen lerrora ekartzeko.

Olaia Lasa Ongizate zinegotziak adierazi duenez, “herri-kohesioa sendotzen jarraitzeko eta elkartasun harremanak eraikitzeko” egingo dute Harrera saioa, komunitate “anitza eta aberatsa” izateko. Horretarako beharrezkoa ikusi dute herria bera sentsibilizatzea eta jatorriak ere eragin bat duela ulertaraztea. “Denok ez ditugu aukera berberak, eta horren kontzientzia hartzeko ideiarekin osatu dugu aurtengo Harrera Astea”.

Elkar ezagutza sustatzeko eta errealitate eta bizipen ezberdinak partekatzeko espazio berriak sortzeko egitaraua prestatu dituzte. Azken hamabi hilabeteetan Oiartzunera bizitzera etorri diren 275 bizilagun berriei ongietorria egiteko ekitaldia egingo dute igandean, eta astean zehar beste hainbat ekintza ere antolatu dituzte, migratzaileen errealitatea ikusarazteko. Erakusketa, hitzaldiak, antzerki emanaldiak eta zine-saioak izango dira.

Urriak 21etik 30era

  • Gari Garaialde Etxabururen “…eta bidean Irun. Begirada bat bidean doazen emakumezkoei” erakusketa udaletxeko areto nagusian.

Urriak 24

  • 19:00etan zine saioa Landetxen: ‘Los reyes del mundo’.

Urriak 27

  • 12:00etan Harrera saioa. Arizmendienean. Plazatik abiatuko gara erraldoi txikien laguntzaz.
  • 19:00etan ‘Miñan’ antzezlana Landetxen (Oiartzungo antzerkizaleekin elkarlanean antolatua)

Urriak 28

  • 11:30 ‘Miñan’ antzezlana Landetxen, herriko ikasleei zuzendua
  • 19:00 ‘Komunikabideak eta Europako mugak ispiluaren aurrean: emakume migrante afrikarrak’ hitzaldia Anaitze Agirreren eskutik, udaletxeko areto nagusian. Areto nagusian.

Abenduak 1

  • Munduko Arrozen Eguna (Abarka GGKEak antolatua), goizean zehar Kontzejupean

Gehigarriak

Kulturartekotasuna sustatzeko Harrera Astea antolatu dute