Uztailaren 14tik 20ra izango da, 2010-2011 urteetan jaiotako gaztetxoentzat.
Gaztetxoentzako esperientzia berezia dator berriro, Mugaldeko Udalekua bigarren aldiz antolatuko baita. Bertan, 2010-2011 uerteetan jaiotako gaztetxoek parte hartu ahalko dute, euskarazko aisialdia sustatzeko eta Iparraldeko zein Hegoaldeko gazteen arteko loturak sendotzeko.
Udaleku ibiltaria Urruñan hasiko da eta Sara, Igantzi eta Lesakan barrena ibili ostean Oiartzunen amaituko da. Herriz herri jarduera anitz antolatuko dira, euskal kultura, natura eta kirola uztartuz. Parte-hartzaileek euskaraz aritzeko eta euskalkiak ezagutu eta praktikatzeko aukera izango dute.
40 gazterentzat tokia
Online eman behar da izena, apirilaren 6a arte. Gehienez ere 40 parte hartu ahalko dute eta familiek apirilean jakingo dute izen ematea onartua izan den. Prezioa 150 eurokoa izango da eta lehentasuna izango dute Bortzirietan, Oiartzunen, Saran edo Urruñan erroldatutako gaztetxoek.
Udalekuak Ttur-ttur Euskaltzaleon Bilguneak antolatu du, eta Bortzirietako Euskara Mankomunitateak, Oiartzungo Udalak eta Sarako eta Urruñako Herriko Etxeek babestu dute.
Informazio gehiago eta izen-ematea egiteko: https://komunikazioak.eus/mugaldeko-udalekua-aurkezpena/
2025 © Oiartzungo Udala. Lege Oharra | Erabilerreztasuna | Cookiei buruzko oharra | Datuen Babeserako politika