Bidegorriko tunela konpontzeko lanak hasiko dituzte

Pitzadurengatik itxita egon da Arditurrira bidean dagoen azkena.

Aurki hasiko ditu Udalak Arditurriko bidegorriaren azken tunela berritzeko lanak. 35 metro luze ditu meategiko aparkalekuaren nodoko pasabideak eta harkaitzean dago zulatuta. Hormigoiz estalitako zatiak ditu eta  tarte batzuk txapa metalikoz estalita zeuden.

Urte hauetan guztietan urak eta haizeak eusgarriak kaltetu dituzte eta pitzadurak sortzen joan dira sabaian. Horietatik harriak erori zirenez, segurtasuna bermatzeko tunela itxi zuen Udalak eta ondoko bidetik joan dira, oinezkoak eta txirrindulariak Arditurriraino.

Tunelaren azterketa geotekniko bat eskatu zuen Udalak, konpondu eta azpiegitura egonkortzeko egin beharreko aktuazioa definitzeko. Emaitzak oinarri hartuta, datorren astean abiatuko ditu eraberritze lanak. Eroritako materiala kentzeaz gain, hainbat geruzatan gunita bota eta 2 metrotik behin ura drainatzeko zuloak egingo dituzte. Babes erresistentea eta iraunkorra lortuko dute horrela.

56.000 euroko inbertsioa egingo du Udalak eta hiru astez luzatuko dira eraberritze lanak.

Gehigarriak

Bidegorriko tunela konpontzeko lanak hasiko dituzte