Jende asko pilatzen den tokietan hondakinak hobeto sailkatzea erraztu eta ingurua garbi mantendu nahi dute.
Herriko hainbat lekutan papera eta ontzi-arinak biltzeko kaleko edukiontzi handiagoak jartzen ari da Udala. Jende gehien ibiltzen den guneetan zeudenak azkar betetzen zirenez, leku faltagatik zaila izaten zen hondakinak behar bezala bereiztea. Horregatik, edukiera handiagoa duten ontzi hori eta urdinak ezarri ditu.
Neurri honekin, kale eta plazak garbiago mantentzeaz gain, hondakinen sailkapena erraztea eta birziklatze tasa handitzea lortu nahi da. Gainera, auzo bileretan bizilagunek eskatu izan duten hobekuntza bat da.
Elizalden (Doneztebe eta Donostia plazetan eta Haurtzaro Ikastolan), Iturriotzen (Beko soron eta frontoian), Altzibarren (Olalden eta Klarene plazan) eta Ugaldetxon (Kalexa plazan eta Mendibilgo parkean) jarri dituzte edukiontzi handiak. Beharraren arabera herriko toki gehiagotan ere jartzeko asmoa du Udalak.
2025 © Oiartzungo Udala. Lege Oharra | Erabilerreztasuna | Cookiei buruzko oharra | Datuen Babeserako politika