Udalbiltza Oiartzungo Udalera egongo da atxikitua

Para leerlo en castellano, queremos invitarle a utilizar el traductor neuronal que el Gobierno Vasco ha puesto al servicio de la ciudadanía: Aquí

El ayuntamiento dispone de versiones en castellano de sus publicaciones periódicas. Se pueden recibir pidiéndolo a la dirección: komunikazio@oiartzun.eus

1999an sortu zen Udalbiltza, Euskalduna Jauregian (Bilbo), zazpi euskal lurraldeetako ia 2.000 udal hautetsi bilduta. Euskal Herriaren zatiketa administratiboa gainditu eta herri burujabe bat eraikitzeko bidean, lurralde artikulazioa, garapena, udalen arteko elkar ezagutza eta lankidetza instituzionala bultzatzeko tresna izateko sortu zuten sarea. Euskal Herri osoa hartzen duen lehen erakunde publiko nazionalari 2002an eman zioten nortasun juridiko propioa, zuzenbide publikoko partzuergo moduan. Ordutik gaur arte herri asko gehitu zaizkio proiektuari eta lurralde eta kolore ezberdinetako 91 udal daude ordezkatuta egun Udalbiltzan.

Estatutuek bere egoitza soziala Oiartzunen finkatu zuten, eta aurrerantzean Oiartzungo Udalera egongo da atxikitua, Udalbiltzako kide diren herrien artean lurralde-hedapen handiena duena baita Oiartzun. Hala adostu zuen Udalbiltzak eta ontzat eman du Oiartzungo Udalak, uztailaren 24an egindako udal osoko bilkuran, EH Bilduko zinegotzien aldeko botoarekin. Lege eskakizunak betetzeaz gain, gardentasuna areagotzeko hartu dute erabakia. Udalbiltzaren aurrekontuak formalki udal aurrekontuetan txertatuko dira, bere autonomia eta izaera propioa mantenduz.

Joana Mendiburu alkateak adierazi zuenez, lan “serio eta ikusgarria” egiten ari da Udalbiltza, “gure lurraldeak eta jendarteak eskaintzen dituen aukerak baliatuz, Euskal Herria herri burujabe bat izan dadin”. Plenora eramandako gaia tramite legal bat zela azaldu zuen, Udalbiltza udalak batzen dituen partzuergo bat izanik, parte den herri bati adskribituta egon behar duelako.

EAJ-PNVko zinegotziak abstenitu egin ziren, haien ustez Udalbitzak “duplizitatea” dakarrelako. “Euskadiko udalak udalen federazio eta elkargoetako partaideak dira: EUDEL EAEn, NUKF Nafarroan, eta Euskal Hirigune Elkargoa, Lapurdi, Behe Nafarroa eta Zuberoan. Elkargo anitzak eta transbertsalak dira, udalen artean informazioa partekatu eta laguntza emateko. Horregatik, uste dugu Udalbiltzak ez duela bestelako ahalbiderik; sare bat gehiago da gauza berdinerako”, azaldu zuen Rafael Bergaretxe hautetsiak. Udalbiltzaren aniztasuna zalantzan jarri zuen. “Erakunde-sareak sortzeko beharrezkoa ikusten dugu alderdien arteko adostasuna eta parte-hartzea, udalerrien aniztasuna jasotzeko eta ordezkatzeko. Eta Udalbiltzaren kasuan ez da hala gertatzen: partzuergo horretan alderdi politiko bakarreko udal batza maioritarioak dituzten udalerriak daude, hau da, Bilduren udal batza maioritarioa dutena”.

Aipatutako hiru elkarteak eta Udalbiltza “osagarriak” diren bi erakunde direla erantzun zion alkateak. “Ez dituzte ez helburu berdinak ezta funtzio eta eginkizun berdinak ere. Udalbiltzak proposamen berri eta interesgarriak luzatzen dizkie udalei, burujabetzan pausoak emateko, energia komunitateak eratzeko, edo euskal kultura era sortzaileak hauspotzeko, besteak beste”. Udalbiltzan Euskal Herri osoko udalak daudela nabarmendu zuen. “Euskaldun bezala, badagokigu euskal lurraldea zatitzen duten hiru eremu administratiboetatik haratagoko elkarte bat sortu eta bultzatzea. Aberatsa eta ezinbestekoa da”. Udalbiltza “zabalik” dagoen elkarte bat dela azaldu zuen. “EH Bilduko udalez gain badaude udal independenteak eta EAJkoak. Edozein koloreetako udaletara irekita dago. Elkarguneak eta lanerako guneak bilatu behar dira eta Udalbiltza horietako bat da”. Azken legealdietan EH Bilduko ordezkariak Eudelen parte hartze “aktiboa” izaten ari direla azpimarratu zuen. “Ekarpenak egiten ditugu eta ahalbidetzen dugu Eudel desberdinen arteko kontsentsu gune bat izatea. Gonbidatzen zaituztegu zuek ere horrelako jarrera bat izatera Udalbiltzan”.

Erregimen bereziko taxi eremua sortuko dute

Gai-zerrendako gainontzeko puntuan aho batez onartu zituzten. Taxi garraioa hobetzeko Erregimen Bereziko Eremua sortzeko hitzarmenari oniritzia eman zioten. Hala, eskari handiko egun eta ordutegietan, Donostia, Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta, Usurbil, Lezo, Pasaia, Oiartzun eta Errenteriako taxi guztiek izango dute zerbitzua emateko aukera. Udal bakoitzak erabakiko ditu datak.

Uztaileko protokolo eta ordezkapen gastuak 137,82 € izan dira, ikurrina, garaikur eta plaketan.

Gehigarriak

Udalbiltza Oiartzungo Udalera egongo da atxikitua