Auzo batzarrak, geroz eta jendetsuagoak

Para leerlo en castellano, queremos invitarle a utilizar el traductor neuronal que el Gobierno Vasco ha puesto al servicio de la ciudadanía: Aquí

El ayuntamiento dispone de versiones en castellano de sus publicaciones periódicas. Se pueden recibir pidiéndolo a la dirección: komunikazio@oiartzun.eus

Duela bi aste egin zituen Udalak datorren urteko egitasmo nagusiak aurkezteko eta ekarpenak jasotzeko auzo batzarrak. Azken urteetako jendetsuenak izan dira, 160 lagunek hartu baitute parte antolatutako zortzi bileretan. 73 emakume eta 87 gizon joan dira hitzorduetara. Adin tarteari erreparatuta, 30 urtetik gorakoak izan dira ia denak.

Parte-hartzearen balorazio positiboa egin du Udalak. Saioak “oso aberasgarriak” izan direla adierazi du Joana Mendiburu alkateak, “herria hobetzen jarraitzeko ariketa kolektiboa” egin dutelako. Udalaren eta auzotarren arteko “sintonia oso ona” izan dela azpimarratu du. “Elkarrekin hausnartu dugu zein den Oiartzungo herriaren eta auzoen egoera eta zein diren datozen urteetako erronka nagusiak”. Lehentasunetan eta proiektu estrategikoenetan adostasuna izan dela nagusi esan du. “Ikusi dugu auzotarrentzat ere oso garrantzitsua dela trantsizio ekologikoa, eta mugikortasun jasangarriagoa bultzatzeko edota energia erabilera gutxitzeko aurreikusi ditugun egitasmoek interes handia sortu dutela”. Bileretako parte-hartzea igo izana ere nabarmendu du. “Geroz eta jende gehiago animatzen da prestatu ditugun proiektuak zein diren ezagutu eta haien iritzia, proposamenak eta kezkak partekatzera”.

Auzotarrentzat ere probetxugarriak izan dira batzarrak. Saio bakoitzaren amaieran galdetegia betetzeko eskatu die udalak parte-hartzaileei, eta batez beste 8,7 puntuko nota eman dute. Azalpenekin eta erabilitako metodologiarekin ere gustura gelditu dira. Hala ere, saio guztietan adierazi da auzotar gehiagok parte-hartzea garrantzitsua dela.

Ekarpenak eta etxeko lanak

Auzoak eta herria hobetzeko proposamen zehatzak egin dituzte saioetan. Guztiak aztertzen ari da orain Udala, 2025eko aurrekontuetan zein txertatu daitezkeen ikusteko. “Inbertsio handirik behar ez duten zenbait eskaera eta konponketa lan ere jaso ditugu eta etxeko lanen zerrendan gehitu ditugu, ahal den azkarren egiteko”, adierazi du Mendiburuk.

Dena den, bizikidetzarekin lotutako kontuak izan dira aurten ere auzoetan gehien errepikatu diren kezkak: kotxeen abiadura handia, autoak gaizki apartatuta uztea, lurrera botatzen den zaborra, txakurrak solte eramatea… Arazo horiek konpontzea eta bizikidetza arauak errespetatzea guztioi dagokigula nabarmendu du Udalak.

www.oiartzun.eus webgunean jarri dituzte auzo bileretan erabilitako aurkezpenak eta akta guztiak, Udala ataleko Auzoak sailean.

Gehigarriak

Auzo batzarrak, geroz eta jendetsuagoak