1.333 ikaslek egingo dute eskola kirola aurten eskualdean

Para leerlo en castellano, queremos invitarle a utilizar el traductor neuronal que el Gobierno Vasco ha puesto al servicio de la ciudadanía: Aquí

El ayuntamiento dispone de versiones en castellano de sus publicaciones periódicas. Se pueden recibir pidiéndolo a la dirección: komunikazio@oiartzun.eus

2024-25 ikasturteko Oarsoaldeko Eskola Kirola programa aurkeztu dute Oarsoaldeko lau udalerrietako kirol zinegotziek.

Urteetan zehar, eskualdeko udalek eta ikastetxeek eskola kiroleko egituraketa indartsu bat garatu dute, ikastetxe  guztien arteko lankidetzarekin. Aurten ere eskualdeko eskola kirolak azken urteetako bilakaera paregabeari eusten dio. Kirol aniztasuna eta hastapena oinarri hartuz, handitzen jarraitzen du eskaintzak eta gaztetxoen parte-hartzeak:

  • Oarsoaldeko ikasleen erdiak baino gehiagok, %53k, egingo du eskola kirola aurten, 8 eta 12 urte arteko 1.333 ikaslek.
  • Guztira 129 talde daude: 21 Oiartzunen, 65 Errenterian, 32 Pasaian eta 11 Lezon.
  • 70 entrenatzaile arduratzen dira 129 talde horien saioak gidatzeaz, 27 emakumezko eta 43 gizonezko.
  • Nesken parte-hartzea gorantz doa urtez urte. Parte hartzaileen %36 neskak dira.
  • Eskola kirola jarduera %100 euskaraz egiten da gaur egun urteotan egin den lanari esker.

Eskola Kirol Egokituko programa (EKE)

Aurten, iaz abiatutako bideari jarraituz, Oarsoaldeko Eskola Kirolak Mindara elkartearekin batera, Eskola Kirol Egokituko programa (EKE) jarri du martxan. 

Azken urteotan, GFAko Desgaitasunaren Arreta Ereduaren garapenaren ildotik, Eskola Kirol Inklusiboko (EKI Estrategia) esku-hartzeak gauzatu dira. Horri esker, eskola kiroleko eskaintzan desgaitasuna duten ikasleen integrazioa eta inklusioa sustatu da. 

Lehen saiakera haurra bere berezko taldean txertatzea bada ere, haurraren ezaugarriengatik  hori ezinezkoa den kasuetan, eskola kirolak aukera bat eskaini nahi die. Hutsune hori betetzeko asmoz garatu da Eskola Kirol Egokituko programa (EKE).

Programaren ezaugarriak

Eskola Kirolean parte hartzen duten haur guztiak bezala, programa honetan parte hartu nahi duten familiek  ere, ikastetxearen bidez egingo dute izen-ematea. EKE taldeek astean bi saio izango dituzte, bata aretoan eta bigarrena uretan. Saio horiek Mindara Elkarteko begiraleek zuzenduko dituzte, beraien esperientzia eta ezagutza ezinbestekoak baitira programa aurrera eramateko orduan.

Astean zeharreko saioez gain,  ikasturtean zehar Eskola Kiroleko larunbateko hainbat jardueretan parte hartzeko aukera  ere izango dute. Parte-hartze hauetan, euren ikastetxeko gainontzeko haurrekin parte-hartzea bilatuko da, jarduera desberdin baina seguru batez gozatzen duen bitartean. 

EKE programa 2023/2024 ikasturtean jarri zen martxan  GFA, udal,  ikastetxe eta Mindara elkartearen elkarlanarekin. Gero eta familia gehiagok Eskola Kirola guztientzako eremua dela ulertzeko beste pauso bat izatea  espero da.

Gehigarriak

1.333 ikaslek egingo dute eskola kirola aurten eskualdean