Euskararen erabilera areagotzeko plan berria du Udalak

Para leerlo en castellano, queremos invitarle a utilizar el traductor neuronal que el Gobierno Vasco ha puesto al servicio de la ciudadanía: Aquí

El ayuntamiento dispone de versiones en castellano de sus publicaciones periódicas. Se pueden recibir pidiéndolo a la dirección: komunikazio@oiartzun.eus

Oiartzungo Udalean euskararen erabilera areagotzeko plana osatu dute. 2027. urtera bitarte lortu nahi dituzten erronkak eta gauzatuko dituzten ekintzak zehatu dituzte. Herritar guztien hizkuntza-eskubideak bermatzeko egindako zazpigarren plangintzaldia da.

1990an onartu zuten lehen plan estrategikoa. Ordutik, udal funtzionamendua euskaraz izan dadin aurrerapauso nabarmenak lortu dira. Lehen plangintzaldietan langileen euskara gaitasunean jarri zuten fokua. Hala, lan handia egin zuten langile askok hizkuntza gaitasunean aurrerapausoak eman eta Hizkuntz Eskakizunak egiaztatzen. Euskararen erabilera izan da ondorengo plangintzaldietako erronka nagusia, bai zerbitzu-hizkuntza bai lan-hizkuntza gisa.

Egindako bideari esker, oso maila altuan gaude Oiartzunen eta udal funtzionamendua ia erabat euskalduna da.

Erronka berriak erabileran sakontzen jarraitzeko

Udalean euskararen normalizazioan urrats berriak zehazteko egoeraren analisia egin zuten lehenik. Hizkuntzaren ezagutza eta erabileraren inguruko galdetegia bete zuten 100 langilek, indarguneak eta hobetu beharrekoak antzemateko. Emaitzek berretsi dute euskararen alde duten konpromisoa erabatekoa dela.

Zenbait zailtasun eta gabezia ere detektatu dituzte. Adibidez, ikusi dute euskara lan- eta zerbitzu-hizkuntza den arren, ez dela beti sortze-hizkuntza izaten. Udalak kontratatzen dituen obra eta zerbitzuetan ere bada zer hobetua, hizkuntza-klausulak txertatzen diren arren, zailtasunak izaten baitira betetze-mailaren jarraipen sistematikoa egiteko. Erabileraz gain, euskararen kalitatean ere jarri dute azpimarra, bereziki komunikazioen hartzaileak herritarrak badira.

Irizpide eta erronka berriak udal langile eta ordezkari guztien artean lantzeko saioak egin dituzte urrian zehar. Izan ere, zeharkakotasunez landu beharreko gaia izango da, udala osatzen duten guztion ardura izango baita planean jasotakoa betetzea.

Gehigarriak

Euskararen erabilera areagotzeko plan berria du Udalak