Para leerlo en castellano, queremos invitarle a utilizar el traductor neuronal que el Gobierno Vasco ha puesto al servicio de la ciudadanía: Aquí
El ayuntamiento dispone de versiones en castellano de sus publicaciones periódicas. Se pueden recibir pidiéndolo a la dirección: komunikazio@oiartzun.eus
Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteak (EHAZE) jardunaldi bat antolatu du Oiartzunen, ikuspegi feminista euskal antzerkian txertatzeari buruz hausnartzeko. Landetxen egingo dute Euskal Antzerkigintza Feminista Baterantz izeneko topaketa, azaroaren 29an, Oiartzungo Udalarekin, herriko Asanblada Feministarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuarekin lankidetzan.
Jardunaldi honen helburua da euskal antzerkigintzaren egungo egoera ikuspegi feministatik modu kolektiboan aztertzea, antzerki inklusiboagoa eta kontzienteagoa sortzera bideratutako erronkei, gatazkei, beharrei eta indarguneei helduz.
Nora Velez del Burgo Zalakain berdintasun zinegotziak adierazi du antzerkia “tresna oso interesgarria” da egungo errealitatea aztertzeko. “Jendarte patriarkal batean bizi gara eta ondorioz, antzerkigintza ere horren isla da. Arlo hori ikuspegi feminista batetik aztertzea ezinbestekoa da errotutako genero-desberdintasunak, botere-harremanak eta emakumeen ikusgarritasun eza mahai gaineratzeko. Funtsean, praktika feministak beharrezkoak dira kaleetan, etxeetan eta eszenatokietan, helburu dugun jendarte parekidea lortzeko bidean”.
Irati Baroja Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteko arduradunak azaldu duenez, “aspalditik” dabiltza euskal antzerkigintza ikuspegi feminista batetik eraikitzeko langintzan. “Oraingo honetan urrats bat gehiago emateko unea dela iruditu zaigu, aztertuz, gogoetatuz, elkar topatuz eta, batez ere, pentsamendua saretuz”. Horregatik, Oiartzungo jardunaldia ahalik eta irekiena eta parte hartzailea izateko moduan diseinatu dituzte, hainbat eragilerekin elkarlanean.
2019az geroztik, EHAZE gogoeta prozesu batean murgilduta egon da, kultura feminista bere sorkuntzetan, harremanetan eta kudeaketan nola txertatu daitekeen hausnartzeko.
Hainbat lan-saio eta jarduera
Jardunaldiak hainbat jarduera izango ditu, hala nola lan-saioak, bazkari partekatua eta ideiak eta esperientziak trukatzeko mahai ingurua. Saioetako gaien artean, nabarmentzekoak dira antzerkiaren eremuan espazio feministak sortzea, profesionalen arteko sareak indartzea, kultura-politikak eta inklusioa euskal antzerkigintzan.
Jardunaldiaren egitaraua:
Topaketa hau hausnarketarako eta ekintzarako gune bat da, euskal antzerkigintzan praktika feministak txertatzen jarraitzeko, antzerkiaren esparrua bidezkoagoa eta eraldatzaileagoa izan dadin.
2024 © Oiartzungo Udala. Lege Oharra | Erabilerreztasuna | Cookiei buruzko oharra | Datuen Babeserako politika