Para leerlo en castellano, queremos invitarle a utilizar el traductor neuronal que el Gobierno Vasco ha puesto al servicio de la ciudadanía: Aquí
El ayuntamiento dispone de versiones en castellano de sus publicaciones periódicas. Se pueden recibir pidiéndolo a la dirección: komunikazio@oiartzun.eus
Oiartzungo kultur eskaintza osatzeko 500.000 euro pasatxo bideratuko ditu Udalak 2025ean. Urtero-urtero programazio zabala antolatzen du herriko eragileekin elkarlanean, eta ia egunero bada zer gozatu, entzun eta ikusi.
Oiartzun herri kulturzalea eta sortzailea izaten jarraitzea sustatu nahi du Udalak. Aurreikusitako aurrekontuaren zati handiena, 315.000 €, herriko elkarte eta norbanakoen antolatutako kultur-ekintzak diruz laguntzeko izango da (gainontzeko 185.000 euroak udalak zuzenean programatutakoentzat izango dira).
Aiako Harria Gaztelumendi alkateordeak adierazi duenez, aurten ere indartu egin dute herriko eragileek proposatzen dituzten ekimenak antolatzeko Udalak bideratzen duen aurrekontua. “Gure herriko komunitatearen eta ongizatearen oinarria da kultura, eta urterik urte handituz doa kultur ekintza eta ekitaldiak antolatzeko grina. Eskaera horiei guztiei bide eman nahi diegu, kultur-sarea indartu eta elkarlanean eskaintza aberatsa osatzeko”.
155.000 € norgehiagoka bidez
Dagoeneko Oiartzungo urteko agendan errotuta dauden deialdi, ospakizun eta jaiak antolatzen dituzten eragileentzat 160.000 € bideratuko ditu, auzoko festak, Hitzen Lihoa, Kantagiltza, Ihoteak eta beste hainbat ekimen antolatzeko.
Dirulaguntza zuzen hauez gain, Udalak beste 155.000 € gorde ditu jasotzen diren proposamenen baitan norgehiagoka bidez banatzeko: 85.000 € urtean zehar antolatu nahi diren ekitaldietarako, 60.000 € xanistebanetarako eta 10.000 € kultur sorkuntza sustatzeko.
Eskaerak, urtarrilaren 31 bitarte
Urtean zehar kultur ekitaldiak antolatzeko partida indartu egin dutela nabarmendu du Gaztelumendik. “Geroz eta eskaera gehiago jasotzen ditugu eta ahalik eta gehien finantzatzeko, 2025ean ere handitu egin dugu dirulaguntza hau”. 85.000€ bideratuko dituzte aurten (2024an 75.000€ izan ziren eta 2023an 43.250 €).
Dagoeneko ireki dute eskaerak egiteko epea. Urtarrilaren 31 bitarte egongo da zabalik. Dirulaguntzaren zenbatekoa eskatzaileek egindako proposamenaren arabera erabakiko dute eta hainbat irizpide izango dituzte kontuan, proposamenaren kalitatea, ikusle edo parte-hartzaile kopurua, emakumeen parte-hartzea sustatzeko aurreikusitako ekimenak edota bazterkeria arriskuan dauden kolektiboak erakartzeko egindako ahalegina, besteak beste.
Udaleko erregistro orokorrean edo egoitza elektronikoan aurkeztu beharko dira eskaerak. Deialdiaren oinarriak udaleko web orrian daude eskuragarri (www.oiartzun.eus), Iragarki Taulako Dirulaguntzak atalean.
Proposamenak aurkeztera animatu ditu Gazlumendik Oiartzungo eragile eta norbanakoak. “Jarrai dezagun gure nortasuna sortzen, hausnartzen, sortzen, pentsamendu kritikoa sustatzen, elkar ezagutzen, aniztasuna balioan jartzen eta herria saretzen”.
2025 © Oiartzungo Udala. Lege Oharra | Erabilerreztasuna | Cookiei buruzko oharra | Datuen Babeserako politika