Lurbizi egitasmoa

Lurbizi lehen sektorea sustatzeko udal egitasmoa da.

ZER DA LURBIZI EGITASMOA?

Lurbizi egitasmo zabala izango da. Udaletik lehenengo sektorera bideratuko diren proiektu guztiei aterpea emango die: baratzagintza, frutagintza, abeltzaintza… lehen sektoreko ekoizpen guztiek izango dute tokia Lurbizin.

Lehenengo sektorean profesionalki aritzeko erraztasunak ematea da helburua. Lehenengo sektorerako proiektuak dituzten herritarren -baina lurrik ez dutenak- eta lurrak dituzten herritarren -baina hauek lantzeko proiekturik ez- arteko zubilana egitea da Lurbiziren helburuetako bat, Oiartzungo landa-eremuko lurrak produkziora bideratzeko.

2016an, 40.000 € bideratuko ditu Oiartzungo Udalak Lurbizi egitasmora.

DIAGNOSTIKOA

Lehenengo sektoreak Oiartzunen duen egoeraren diagnostikotik abiatu da Udala. Herriko jarduera ekonomikoaren %0,92 besterik ez da. Portzentaia inguruko herrien antzekoa da, Gipuzkoako bataz bestekoa %0,8 baita (2012ko datuak, Gaindegia).

Udalak herriko etxebizitza hutsei buruzko ikerketaren (Gaindegia) emaitzek erakusten dutenez, landa-eremuan daude etxebizitza huts gehienak: 94 baserri huts identifikatu dira.

Lehenengo sektoreak jarduera ekonomikoan duen zama eskasak eta baserri hutsen kopuru altuak sektore hau azkeneko urteetan bizitzen ari den gainbehera islatzen dute.

LURBIZI EGITASMOA ETA ELIKADURA BURUJABETZA

Sektore ekonomikoen desoreka nabarmenaren ondorioetako bat izan da kanpoko produktu eta ekoizleenganako dependentzia areagotzea. Udalak tendentzia hori aldatu nahi du eta elikagaien burujabetza berreskuratzen hasteko bitartekoak jarri.

Elikadura burujabetzarako ezinbestekoa da tokian tokikoa sortu eta kontsumitzea. Horretarako, derrigor lehen sektoreko ekoizpena behar da. Oiartzungo planeamenduaren arabera lehenengo sektorerako jasotako lurrak ekoizpenera bideratzea da Udalaren erronketako bat.

Lehenengo sektorera bideratutako esperientziak baditugu gure herrian. Horietako bat da Agroaldea (Lintzirin gainean): Udalak lurrak erosi eta nekazari profesionalen esku utzita ditu. Bertako ekoizpena produktu espefizikoetara bideratuta dago (tomateak, loreak…).

Elikadura burujabetzaren bidean, iniziatibak badaude herrian; Arraztalo elkarteak hornitzen duen Kontsumo Taldea, esaterako. Elkarteak gaixo psikikoen gizarteratzea lehen sektoreko jardunari lotuta egiten du, bi helburu betez: psikosoziala batetik, agroekonomikoa bestetik.

Eskola Agenda 21en baitan, 2015/2016 ikasturtean elikadura burujabetzaren gaia landu zuten Haurtzaro Ikastolako, Elizalde Herri Eskolako eta Elizalde Institutuko ikasleek, gaiaren garrrantziaz jabetu daitezen ume-umetatik.

Elikadura burujabetza eta Lurbizi egitasmoak horren alde egin dezakeena sustatzeko, herriko merkatari txikiekin, ikastetxeekin eta herri mugimenduarekin lanketa egitea dago Udalaren asmoen artean.

LURBIZIREN EZAUGARRIAK ETA IRIZPIDE OROKORRAK

Lurbizi egitasmoan parte hartu nahi dutenek honako irizpide orokorrak bete beharko dituzte:

  1. Nekazari profesionalentzako lurrak bultzatuko ditu.
  2. Nekazaritza ekologikoa bultzatuko du.
  3. Hondakin organikoak autokudeatzea hobetsiko da.
  4. Ekoizkinen salmenta kontsumo-taldeen, salmenta zuzenaz eta herriko merkatarien bidez egin ahal izango dute ekoizleek.

BARATZA PROFESIONALEN PROIEKTUA

Lurbiziren baitan martxan jarriko den lehenengo proiektu zehatza baratza profesionalena izango da.

Egitasmoa Behemendirekin elkarlanean jarriko du martxan Udalak. Behemendi Landa Garapenerako eskualdeko agentzia da eta Oiartzungo Udala kide da.

Behemendik nekazaritzarako egokia den lur-boltsa lortu du: 25.000 m2 ditu.

NEKAZARI eta ABELTZAINEK baldintza hauek betetzea hobetsiko da:

  1. Lursailari lotutako proiektu bideragarria edukitzea.
  2. Oiartzunen erroldatua egotea lehenetsiko da.
  3. Ezagutzak izatea (ikasketak, esperientzia).
  4. Langabezian daudenak lehenetsiko dira.
  5. Kontsumitzaileen kooperatibarik sortuz gero, lehentasunez produktuak bertara eraman beharko dituzte.

 

Gehigarriak

Lurbizi egitasmoa

Estekak

Lurbizi egitasmoaren aurkezpena