Eguneko ekitaldi nagusia Arditurriko IV. bizikleta martxa izango da
Garai batean Arditurriko meategietatik Pasaiako portura mea garraitzeko erabiltzen zen trenbidea festa giroan murgilduko da. Izan ere, irailaren 20an (igandea) Arditurriko Bide Berdearen IV. Eguna ospatuko da, eta hainbat ekintza antolatu dira egun honetarako:
Egunari hasiera emateko, Arditurriko IV. bizikleta martxa abiatuko da goizeko 09:30ean lau udalerritatik: Donostiako Alderdi Ederretik, Pasai Antxoko pilotalekutik, Lezoko Bekoerrota kiroldegik eta Errenteriako Gamon zumarditik. 10:00etan, berriz, Oiartzungo Doneztebe plazatik abiatuko da. Horrela, Arditurriko Bide Berdea hartuko du martxak, Arditurriraino iritsiz. Ibilbidearen zailtasun maila erraza da, beraz adin guztientzako egokia da bizikleta martxa hau. Kaskoa eramatea nahitaezkoa izango da (haurrek zein helduek) eta argia eramatea gomendatzen da. Bizikleta martxan parte hartzeko irteera puntuan 15 minutu lehenago egotea komeni da.
Arditurriko Bide Berdeen IV. Eguna Mugikortasunaren Astearen garai berean ospatzen da. Hori dela eta, Arditurriko meategietara autorik erabili gabe herrietatik hurbiltzeko aukera bultzatu nahi da. Horregatik, aurtengoan Oiartzun eta Errenteriatik abiatzeaz gain, Donostia, Pasaia eta Lezotik ere jarri dira abiapuntuak. Gainera, Euskotrenek eta Renfek beren tren guztietan bizikletak garraiatzeko bagoi bereziak dituzte, beraz, Gipuzkoako beste herrietatik ere aukera badago Arditurriko bide berdera sartzeko eta martxarekin bat egiteko.
Bizikleta martxaren helmuga Arditurriko meategian egongo da, eta bizikleta gordailu zerbitzua jarriko da. Gainera, bizikletaz joaten direnek hamaiketakoa doan izango dute helmugan, izakinak (400 pertsonentzat) agortu artean. Horrela, helmugan ere hainbat ekintza antolatu dira. Meategira bisita gidatuak prezio murriztuan egin ahal izango dira osoan zehar eta meategiko bisita-txartelarekin, seg-way zirkuitua egin ahal izango dute bisitariek dohainik. Honetaz gain hainbat jolasetan parte hartzeko aukera izango dute haurrek: zinta karrerak, herri kirolak, jolasak bizikletarekin...
Arditurri Bide Berdearen IV. Eguna Oiartzungo Udalak eta Gipuzkoako Parketxe Sareak antolatu dute, herriko hainbat elkarteren laguntzarekin: Lartaun ZTKE, OTXE TE, Giriza KKT, eta Ttak.
Laguntzaileak: Donostiako Udala, Pasaiako Udala, Lezoko Udala, Errenteriako Udala, Trintxerpe Kirol Elkartea, Allerru Kirol Elkartea, Euskadiko Triatloi Federazioa, Leurtza Abentura, Kaiku eta Carrefour.
2024 © Oiartzungo Udala. Lege Oharra | Erabilerreztasuna | Cookiei buruzko oharra | Datuen Babeserako politika