Haur eta gazteen parte-hartzea eta balio hezitzaileak, herri hezitzaileak sortzeko oinarriak
Haurren eta gazteen heziketa eta aisialdia oinarri hezitzaileen bidez gara dadin lanean ari dira 2012az geroztik eskualdeko hainbat eragile. Helburua elkartasunezko, hezkidetzako balioak, ingurumenarekiko errespetuzkoak eta abar, parte-hartzea eta auzolana jokamolde izanik lantzea da, besteak beste. Eta, jakina, euskaratik eta euskaraz.
Oarsoirriak ekimeneko herrietako taldeak eta Oarsoaldeko Euskara Batzordea hasi ziren zeregin horretan eta, berehala, Kuadrillategi egitasmoa ere batu zaie bi eragile horiei-
Eskualde hezitzaile bat lortzeko bidean, helburu horretan sakontzen hasteko, Errenteria, Lezo, Oiartzun eta Pasaian gurasoentzako eta haur eta gazteekin lan egiten duten hezitzaileentzako prestakuntza-topaketa bat antolatu dute irailaren 26rako, Errenteriako Merkatuzarren 10:30etik 12:30era.
Saioaren lehenengo atala Lorea Agirre adituak emango du oinarri eta balio hezitzaileen gaineko azalpen teorikoa eginez. Segidan Euskal Herrian gai hau lantzen ari den Oinherri elkarteko dinamizatzaileek euren orain arteko ibilbidearen eta lanaren berri emango dute, helburuak azpimarratuz. Horren haritik, Oinherrirekin lanean ari diren herrietako baten esperientzia azalduko du Baztango Nora Salbotxek.
Saioa bukatzeko, bertaratutako guraso eta hezitzaileen hausnarketa egingo da saioa baloratzeko eta dituzten beharrak agerian jartzeko.
Izen-ematea irailaren 24ra bitartean egin ahal izango da. Informazio gehiago nahi duenak euskara@oarsoaldea.net helbidera idatz dezake edo 943 510 111 telefonora dei dezake.
2024 © Oiartzungo Udala. Lege Oharra | Erabilerreztasuna | Cookiei buruzko oharra | Datuen Babeserako politika