Oiartzungo ikasleek herriko ingurumen-egoera aztertu dute

Haurtzaro Ikastolako, Elizalde Herri Eskolako eta Elizalde Institutuko ikasleak elikadura iraunkorrari eta hondakinei buruzko herri-diagnostikoa egiteko kalera atera dira

Eskola Agendako hezkuntza programaren baitan elikadura iraunkorra eta hondakinen gaia lantzen ari dira herriko hiru ikastetxeetako ikasleak 2015/2016 ikasturte honetan. 12. urtea dute jada, 2004an programa abiarazi zenetik, eta guztira 1.400 ikasle inguru (825 bat familia) daude inplikatuta.

Aipatutako gaiei buruz, eskola barruko diagnostikoa aztertzen jardun zuten urte hasieran eta, martxoan eta apirilean zehar, Oiartzungo egoera zer nolakoa den aztertzen ari dira. Hori horrela, bertako produktuen kontsumoa neurtzeko, herritarren erosteko ohiturak ezagutzeko eta Oiartzungo gune zehatzetan kaleak txukun ote dauden eta hondakinak kudeatzeko nahikoa baliabide ote dauden ikertu dute, besteak beste. Horretaz gain, bertako azokak, ekoizleak, eta kontsumo taldeak ere ezagutzeko parada hartuko dute aurki.

Herriko egoeraren emaitzak oinarri harturik, maiatzaren 17an, Oiartzungo ikastetxeen arteko parte-hartze saio bat antolatuko du Udalak, ikasturte bukaeran udal ordezkariei zuzendutako eskaera eta proposamen zehatzen zerrenda osatzeko.

Gehigarriak

Oiartzungo ikasleek herriko ingurumen-egoera aztertu dute