Ildo nagusiak azaltzeaz gain, auzoetako beharrak jaso ditu Udalak elkar hartuz aurrekontuak osatzeko

Parte hartu duten herritarren jarrera eraikitzailea baloratu du Udalak

Udaleko Gobernu Taldeak azaroaren 7tik 16a bitartean, herriko zortzi auzoetan 2016ko Udalaren jardunaren balorazioa egin eta 2017ko aurrekontuen inguruko azalpenak eman dituzte.

Auzo batzarretan parte hartu duten oiartzuar guztiei eskerrak eman nahi dizkie Udalak: bileretan jarrera egokia izan dutelako eta denen artean herria eraikitzeko azaldu duten prestutasunarengatik. Gobernu Taldeko kideek auzoetan "oso eroso eta errespetatuak" sentitu direla adierazi dute, "herritar guztiek izan dute oso jarrera eta tonu egokia euren iritziak, proposamenak eta kezkak adierazteko orduan".

Parte-hartzea, mantendu

Aurten, 110 herritarrek parte hartu dute auzo batzarretan. Kopurua aurreko urteetako antzekoa da. Hala ere, auzo batzuetako parte-hartzea askoz handiagoa izan da beste batzuetakoa baino.

Parte-hartzaileek oso jarrera eraikitzailea izan dute. "Ideiak trukatzea, iritzi ezberdinak konpartitzea eta eztabaidatzea oso aberasgarria da". Udalak herritarrei bilerak baloratzeko aukera eman die: Udalaren eta bilerak ongi baloratu badituzte ere, herritarren parte-hartzea da okerren baloratu dena, "auzotarrei eurei jende gutxik parte hartzen dutela iruditzen zaie".

Hutsune nabarmenena gazteen artean (16-30 urte artekoak) sumatu du Gobernu Taldeak. Ondorioetako bat, gazteak erakartzeko eta hauen parte-hartzea indartzeko planteamenduak egin beharko dituela izan da.

2016ko lan eta egitasmo nagusien azalpena

Oiartzungo Udaleko Gobernu Taldea legegintzaldiko ikuspegiarekin ari da lanean. Arrazoietako bat da "inbertsioetarako dagoen diru-kopuruak ez duela ahalbidetzen urtebetean nahi den guztia egitea".

Azken bi asteetan egindako auzo batzarretan, 2016an herrian egindako lanak azaldu eta baloratu ziren. Ildo nagusiak mantenu lanak (bidegorria; espaloiak; Lintziringo eremua; ur-hoditeriaren saneamendua; herribideak...); Elorsoro kiroldegia; aparkalekuak; eta Lurbizi, etxebizitza eta Larre Plan egitasmoak izan dira.

2017ko lan ildo nagusiak zehaztu dira

Batzarretan atal mamitsua izan da 2017ari begira jartzea. Datorren urtean 16 milioi €ko aurrekontua izango du Oiartzungo Udalak (behin-behineko aurreikuspenak dira). Horietako 2 milioi € bideratuko dira auzo batzarretan azaldu eta adostutako egitasmoetara.

Ildo orokorrak mantentzeko proposamena egin du Udalak, eta herritarrek begi onez ikusi dute. Honela, datorren urtean udal eraikinen (Madalensoroko mantenua, Arizmendi berritzeko proiektua eta Egia-Enearen lanketa); Lintziringo eremuaren hurrengo faseak; hoditeria eta argiteria berritzen segi; errepide eta espaloiak txukuntzea; eta poligonoen mantenua.

Etxebizitza, Lurbizi eta Larre Planaren egitasmoek jarraipena izango dute 2017an. Horiei, merkataritza ttikia suspertzeko egitasmoa gehituko zaie datorren urtean.

Elkarbizitza oztopatzen duten gaiekiko kezka azaldu dute herritarrek

Honez gain, auzo guztietan planteatu dituzte herritarrek herriko elkarbizitza oztopatzen duten zenbait gairekiko kezka. Batez ere txakur-kakak eta trafikoko ohitura txarrak (aparkalekuak ez errespetatzea eta abiadura handian gidatzea) izan dira aipatu direnak eta Udalari neurriak hartzeko eskatu dizkiote herritarrek.

Hori dela eta, Udalak herritarrei gogorarazi nahi die trafiko eta elkarbizitzako arauak errespetatzea herritarron segurtasuna bermatzeko eta herri-bizitza egokiaren alde garrantzitsua direla, eta gai horiei arreta jartzeko.