Mugikortasun ohiturak aztertzeko, bi elkarrizketa saio egingo ditu Udalak herritar bolondresekin

Herri barruko garraio publiko zerbitzua baloratu eta hobetzeko pistak jasotzea da helburua

Oiartzungo Udalak etorkizun hurbilean herri barruko garraio zerbitzua hobetzea du helburu. Hori lortzeko, ezinbestekoa da herritarren ohiturak eta beharrak ezagutzea. Horregatik, herritarren mugikortasun ohiturak ikertzen ari da.

Lehen urratsak eman ditu dagoeneko Udalak barne mailako batzordea sortuz, datuak jasoz, adituekin elkarrizketak eginez eta herritarren artean galdeketa eginez. Orain, profil ezberdinetako herritarrekin taldekako elkarrizketa egingo du, azterketan sakontzen jarraitzeko.

Desplazamendu gehienak, herri barruan eta garraio pribatuan

Gaia kokatzeko, herritarrei galdetegi bat erantzuteko eskatu zien Udalak urte bukaeran. 206 lagunek erantzun zuten. Lortutako datuen arabera, jakin dugu herritarrek desplazamendu gehienak herri barruan (%38) edo eskualdean (%22) egiten dituztela. Oiartzunen bertan, Elizaldera egiten dira desplazamendu gehienak (%66,7).

Desplazamendu gehienak (%53) ibilgailu pribatuan egiten dituzte oiartzuarrek. Desplazamenduen %29a bakarrik dira herri barruan garraio publikoan egiten direnak.

Azken urteetan, herri barruko garraioaren erabilera igotzen ari da eta erabiltzaile gehienak emakumezkoak dira. Horien artean, gehienek Xorrola autobusa erabiltzen dute. Galdetegia erantzun dutenen %70ak oso ongi baloratzen du herri barruko garraio publikoa. Erabiltzaile direnek, are hobeto. Hoberen baloratzen diren irizpideak ibilbidea eta tarifa politika dira. Puntuazio kaxkarrena, berriz, beste garraioekin koordinazioari eman diote herritarrek.

Erabiltzaile eta ez-erabiltzaileekin, taldeko elkarrizketak

Ikerketa osatzeko hurrengo pausoa Xorrola eta taxibusaren erabiltzaile eta erabiltzaile ez direnekin taldeko elkarrizketa saioak egitea izango da. Euren iritza, azterketa osatzeko eta Udalak aurrera begirako erabakiak hartzeko baliagarria izango da.

Bio saio egingo dira: lehena, urtarrilaren 30ean (astelehena, 18:30ean) eta bigarrena, otsailaren 1ean (asteazkena, 18:00etan), biak udaletxeko areto nagusian. Haurrentzako zaintza aukera eskainiko du Abaraxka ludotekak asteazkeneko saiorako.

Ordu eta erdiko saioan, galdetegiko datuak aurkeztuko dira labur-labur eta ondoren, gaur egungo zerbitzuen balorazioa eta hobetzeko proposamenak jasoko dira.

Profil ezberdinetako bolondres bila

Bi talde horietan euren iritzia emanez parte hartzeko prest dauden herritar bolondreask behar ditu Udalak. Profil ezberdinetako jendea bilatu nahi da (adin -nerabeetatik hasita-, auzo, mugikortasun ohitura... aldetik), beraz, izena ematen dutenen artean aukeraketa egingo da, elkartzen direnei esker herriko errealitatearen ahalik eta ikuspegi zabalena jaso dadin.

Saioan parte hartzeko prest daudenek Alkatetzara deituz (943 49 18 62) edo Internetez eman dezakete izena (www.oiartzun.eus). hilaren 27a bitarte (ostirala) izango dute horretarako aukera.