Txarako eremu bat desjabetzeko balorazio ekonomikoa onartu du Udalak

Jabeak aurkeztutako balorazioa atzera bota du, legedia ez duelako bete

Gaur, ELI-2 gunean (Txara parkean, udako igerileku inguruan) nahitaez desjabetu behar den eremurako udalaren balorazio ekonomikoa onartu da gaur, ahobatez. Ezohiko udalbatzarrean bildu dira zinegotziak, epe administratiboak betetzeko.

Eremuaren jabeak, Orio Txoko Txiki SLk, bere estimazioa aurkeztu dio Udalari, baina gaur egungo legedia bete gabe. Jabeak 2.749.000 €tan estimatu du lurraren balioa. Udaleko eta kanpoko teknikoek, berriz, 46.079 €tan estimatu dute landa-lur horren balioa. "2007a arte, lur.eremuen garapen espektatiben arabera kalkulatzen ziren lurren balioak, legez. Europako zuzentarauak hori aldarazi zuen eta ordutik lur bakoitzaren balorazioaren eta egin diren inbertsioen arabera kalkulatzen da, eta kasu honetan, ez dute hala egin".

Arau Subsidiarioetan sistema orokor gisa izendatua dago ELI-2ko eremu hori. Hori dela eta, jabeak desjabetzea eskatzeko eskubidea du eta hori aldarrikatu du.