Atsolorra ospatu eta berreskuratzeko ekitaldiak antolatu dira martxoan

2016an jaiotako haurren ongietorria Udalaren eta gurasoen artean antolatu da

2016an jaiotako haurren atsolorra izango da hilabete honetan. Komunitatearen ongietorri honekin lotuta, bestelako ekitaldiak ere izango dira, atsolorraren erritura hurbiltzeko eta haurrak gizarteratzeko euskal ohitura hau berreskuratzeko.

Udalak eta 2016an jaiotako oiartzuarren gurasoek elkarrekin antolatuta, hilaren 11n (larunbata, 10:30ean udaletxeko areto nagusian) Mari Carmen Basterretxea antropologoaren hitzaldia izango da, atsolorraren inguruan.

Hilaren 19an (igandea), atsolorra ospatuko da udaletxeko areto nagusian, 10:30ean. 2016an Oiartzunen jaio ziren 85 haurrak eta haien guraso zein aiton-amonak daude gonbidatuta ekitaldira.

Oiartzungo Udalak eskerrak eman nahi dizkie euren seme-alabak herrian sozializatzeko atsolorra prestatzen parte hartu duten guraso guztiei.

'Euskal Herria, kultura matrilineala' liburuaren aurkezpena

Hilaren 10ean (ostirala, 18:00etan udaletxeko areto nagusian), berriz, Mari Carmen Basterretxeak Euskal Herria: kultura matrilineala liburua aurkeztuko du. Saiakera liburu honen lehenengo aurkezpena izango da. 

Liburuan, Basterretxeak kultura eta ereduen inguruko hausnarketa egiten du: herri naturalak -Euskal Herria horien artean kokatuz-, euskal gizarte egitura eta funtzionamendu tradizionala, eta Euskal Herriak pairatu duen kolonizazio prozesuen ondorioak aztertu ditu Basterretxeak liburu horretan.

Oiartzungo Udalak saiakera hau argitaratzen lagundu dio Basterretxeari. Aurkezpena Oiartzungo Feministen Asanbladak martxorako antolatu dituen ekitaldien baitan programatu da.

 

Gehigarriak

Atsolorra ospatu eta berreskuratzeko ekitaldiak antolatu dira martxoan